Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak aire kalitatearen inguruko azterketa egin du Udalak eskatuta

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 3a, 17:30

Kezka iturri den Usurbilgo airearen kalitatearen inguruko azterketa landu du Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak, Usurbilgo Udalak eskatuta. Pasa den maiatza eta ekainean eginiko neurketen emaitzak aurkeztuko dituzte urriaren 16an 19:00etan Potxoenean.

Hala berri eman du Usurbilgo Udalak. Kezka gaia den Usurbilgo airearen kalitatearen inguruko azterketa enkargatu zion aurreko legealdian Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari. Azterketa pasa den udaberri amaieran bideratu zuen aipatu unibertsitateak. "Aurtengo maiatz-ekainean egin dituzte neurketak", Udalaren esanetan.

Azterlanaren inguruko lehen xehetasunak ere aurreratu ditu. "24 orduko neurketak egin ditu jarduera jakin batzuen inguruan". Orain, bildutako emaitzak plazaratzeko unea heldu da. Aurkezpen ekitaldirako hitzordua zehaztua du Usurbilgo Udalak. Urriaren 16an aurkeztuko dituzte, asteazkenez, arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. Hitzordu horretan eginiko lanaren gaineko xehetasunak ezagutu ahalko ditugu, bai Usurbilgo Udalaren eta aipatu Kataluniako unibertsitatearen eskutik. Bi erakundeotako ordezkaritza batek parte hartuko du ekitaldian.

Ohiko parametroetan
Udalak egitasmo honen inguruan zehaztu duenez, "airearen kalitatearen inguruko kezka handia dago Usurbilen, bereziki, noizean behin sortzen diren kirats episodikoen inguruan". Kezka honen inguruan ohartarazi nahi izan duenez, "Eusko Jaurlaritzak herrian dituen makinek neurtutakoaren arabera, Usurbilgo aire kalitatea ona da: ohiko parametroen barruan sartzen dira emaitzak".

Hori horrela izanik ere, gaineratzen duenez, "dena den, kezka hori bere egin, eta Usurbilgo airea neurtzeko eskatu dio Udalak UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari".