Udarregi Ikastolak taldea prest, Zarauzko Kilometroak jaialdiko Erronkarako

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 08:49

Urriko lehen igandearekin batera, Kilometroak bueltan dugu! Aurtengoa hilaren 6an Zarautzen. Egun osoko jaialdian zehar, gazteen Erronka arrakastatsua ospatuko da. Udarregi Ikastolak hitzordurako prest du taldea.

Urriarekin batera, Gipuzkoako ikastolen aldeko Kilometroak datorkigu. Aurtengoa Zarautzen ospatuko da hilaren 6an, “Ni, hi, hura, ikastola mundura!” aldarripean, Salbatore Mitxelena ikastolaren alde. 42 urteotan ospatu den jaialdia egun ezagutzen dugun ereduan ospatuko den azken aldia izango da igande honetakoa. Antolakuntzak ohartarazi duenez, Villabona-Amasa eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak prestatuko duen 2020ko edizioa, “urte osora zabalduko den elkarlan-eredu bat izango da, eta bere egun handia izango du urriko lehen igandean, baina ez da zirkuiturik izango. Erronka eta bestelako proposamen berritzaileak eskainiko dira”.

Aurtengora itzulita, Zarautz ekialdea, Ikastola, Mollarri eta malekoia lotuko dituen 3 gune izango ditu urriaren 6ko jaiak. Eta egunean zehar, hainbat ekitaldi iragarri dituzte: Skasti, Mac Onak, Ene Bada, Ai Ama eta Aneguriaren kontzertuak, batukada feminista, herri kirolak, abesbatza, dantza saio eta ikastaroak, txarangak, jan edana… Eta Gipuzkoako ikastoletako DBH-ko gazteak proba ezberdinen bueltan parte hartzen jarriko dituen Erronka ezaguna. Aurtengo ediziorako ere Udarregi Ikastolak taldea osatu du, kideokin: Malen Olaizola, Urtzi Furundarena, Amaia Gainza, Jon Arruti, Garazi Mutiloa, Harri Agirresarobe, Anne Navarro, Oier Eleta, Enara Arrospide, Oier Ikatzeta, Izaro Arruti, Ioritz Karrera eta Xuban Gurrutxaga. Felix Olaetxea izango da ikastolako kapitaina.

Urtero moduan, “proba bizi eta zirraragarriak izango dira, taldeka gainditu beharrekoak. Batetik, ikasleen abilezia, indarra eta abiadura neurtuko dira. Bestetik, buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna ere frogan jarriko dituzte proba hauek”. Erronka Kilometroak jaialdiko gune guztietara hedatuko dute. Informazio gehiago: erronka.eus
kilometroak.eus

Tren zerbitzu bereziak

Urteroko antolatzaileen deia eta aholkua. Autoa etxean utzi eta Kilometroak jaialdira garraio zerbitzu publikoetan bertaratzea. Euskotrenek zerbitzu bereziak iragarri ditu. "Goizean, Kilometroak jaira joateko tren bereziak egongo dira San Pelaioko geralekura (Zarautz), Irunetik (30 minuturo) eta Altzatik (orduro). Tren horiek ohiko geltoki guztietan geratuko dira", ohartarazi du Euskotrenek. Itzultzeko aldiz, "Amara/Irunerantz joan nahi dutenek, San Pelaioko geralekutik aterako diren tren bereziak (tren-aldaketarik gabe) hartu beharko dituzte. Zarauzko geltokia Eibar/Bilborantz joan nahi dutenek erabili beharko dute. Horrela, sarrerak eta irteerak erraztu nahi dira, eta jendea tren ezberdinetan banatu. Helburu horrekin, hain zuzen, Euskotrenek MUGI / BARIK / BAT txartelak erabiltzea gomendatzen du". 

Horrekin batera, "egun osoan zehar, E1 lineako trenak (Amara-Matiko) bederatzi minutuko aurrerapenarekin ibiliko dira Amara eta Zarautz artean". Informazio gehiagorako:
944 333 333
euskotren.eus