Buruntzaldean ibilian ezagutzeko deia urriaren 13an

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 4a, 13:16

Ostiral eguerdi honetan aurkeztu dute Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek, urriaren 13rako antolatu duten Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna. Hamabigarren edizioan parte hartzera animatzen gaituzte.



Bizi ohitura osasuntsuak sustatze aldera, Buruntzaldeko 2019-20 ikasturteko jardueren planean jasoa dute eskualdeko Udalek, tartean Usurbilgoak, Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna antolatzea. Ostiral honetan (urriak 4) aurkeztu dute Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil lotzen dituen ekimenaren hamabigarren edizioa. Andoaingo udaletxean bildu dituzte aipatu lau herrietako udal ordezkariak, Ibilbide Egunaren kartelaren bueltan. Kartelak argi dionez, hamabigarren edizioa urriaren 13an ospatuko da, 8:00-14:00 artean.

Familia giroan edo lagun artean, parte hartzera deitu dute. Iaz 360 ibiltari (174 emakume eta 186 gizon) erakarri zuen jarduera fisikoa bultzatzea helburu duen ekimenak. Tipi-tapa, lau herriok lotzen dituzten bost bideetan barrena ibilalditxoa osatzean datza urriaren 13ko hitzorduak. "Lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune natura ezagutzeko aukera dugu", antolatzaileen esanetan. Besteak beste, "bidezidor eta bideak ditugu (bost ibilbide daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz". 

Ibilbideak osatzeko baliabide lagungarriak
Bost ibilbideen gaineko xehetasunak segidan dituzue, baina ibilbideotako bat egitera animatzen denak, nondik dabilen argitzeko hainbat baliabide izango ditu eskura. "Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, panel hauek gainera aurten berritu ditugu. Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak" daude, udalerri bakoitzaren identifikazio koloreekin. 

Horrekin batera, telefono mugikorretik Navi Ruta aplikazioa eskuragarri izango dute ibiltariek. "Honen bidez Buruntzaldeko ibilbideetako edozein egiterakoan, sistemak modu jarraituan emango duen informazioa (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak...) jaso ahal izango da", antolatzaileen esanetan. Aplikazioa deskargatu eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerriko paneletan edo kontrol guneetan QR kodeak eskaneatu beharko dira.

Kontrol guneetan argibideak eta jan edana eskainiko dira. Ibilbide hau egiten hasteko orduan, partaide bakoitzak abiatzen den herriko zigilua izango duen txartela jasoko du. "Partaide batek bi ibilbide eginez gero, oroigarri moduan ura edateko bidoi bat jasoko du opera. Salbuespenak, Andoain-Lasarte-Oria eta Andoain-Usurbil ibilbideak dira, edozein norabidean eginez gero aipatutako bidoia lortuko baitu".

Itzultzeko autobus zerbitzua antolatu da, baina zerbitzu hau baliatzeko antolakuntzak hasieran emandako txartel zigilatua aurkeztu beharko da.

BURUNTZALDEKO IBILBIDEEN 12. EGUNA
Eguna: urriak 13, igandea.
Ordutegia: 08:00-14:00.
Tokia: Buruntzaldea (Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta eta Andoain).

Herri bakoitzaren koloreak: 
-Andoain: urdina.
-Lasarte-Oria: urre zaharra.
-Urnieta: berdea.
-Usurbil: laranja.

Ibilbideak:
-Andoain-Lasarte-Oria: ibilbide urdina eta urre zaharra; 7,9 kilometro; oinez egitekoa, mendiko oinetakoak beharrezkoak. Ibilbidea osatzeko bi aukera: Buruntza mendiko gailurra eginez edo mendia inguratuz.
-Andoain-Urnieta: ibilbide urdina eta berdea; 4,8 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Andoain-Usurbil: urdina eta laranja; 14,9 kilometro Andatzatik barrena; oinezkoentzat soilik, mendiko oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Oria-Urnieta: ibilbide urre zaharra eta berdea; 3,9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.
-Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga (Santuenetik barrena, Mapileraino): urre zaharra eta laranja; 9 kilometro; oinez edo bizikletaz egitekoa, kirol oinetakoak beharrezkoak.

Kontrol guneak eta anoa (argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoa banatzeko):
-Usurbilen: Santueneko auzoko Zorrotzeko zubiaren parean.
-Aginagan: Mapil inguruan.
-Andoainen: udaletxe azpian.
-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
-Urnietan: udaletxe azpian.

Itzulerarako autobus zerbitzua:
Aginaga, Ezpaldiko gasolindegia: 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbil, San Inazioko biribilgunea: 12:07, 13:07, 14:07.
Lasarte-Oria, Dorretxeko biribilgunea: 12:15, 13:15, 14:15.
Andoain, Goiko plazaren atzealdea: 12:30, 13:30, 14:30.
Urnieta, Kioskoko geltokia: 12:40, 13:40, 14:40 (zerbitzuaren amaiera).

Oharra: partaide bakoitzak abiatzerakoan txartela jasoko du abiatzen den lekuko zigiluarekin. Amaieran nor bere herrira itzultzeko autobus zerbitzua baliatu ahalko da, baina ezinbestean aipatu txartela erakutsi beharko da.

Informazio gehiago: Buruntzaldeko kiroldegietan edo buruntzaldea.eus 
Antolatzaileak: Buruntzaldeko Udalak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak: Andatza M.K.T. (Usurbil), Euskalduna Mendigoizale Taldea (Andoain), Ostadar S.K.T.-ko mendizaleen saila (Lasarte-Oria), Super Amara (kontrol guneetako jan edanaren hornitzailea), Eusko Jaurlaritza.