Agurtzane Solaberrietak, Andres Bruño gogoan: "Usurbilek ez du inoiz ahaztuko gugatik egin zenuen lana"

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 5a, 19:35

Franco hil ondorengo Usurbilgo lehen alkate Andres Bruño Urdanpilleta zendu da larunbat honetan. Heriotzaren berri izan eta berehala lehen esker eta omenezko hitzak helarazi dizkio egungo alkate Agurtzane Solaberrietak. "Usurbilek ez du inoiz ahaztuko gugatik egin zenuen lana", adierazi du.

Apirila hasieran Gernikako Batzarretxean Franco hil ondorengo lehen alkateei egin zieten omenaldian Usurbilgo Udalak ateratako argazkiarekin batera, lehen omenezko hitzak helarazi nahi izan dizkio egungo alkate Agurtzane Solaberrietak, larunbat honetan zendu berri den Andres Bruño Urdanpilleta alkate ohiari. Orduko alkate Xabier Arregirekin batera ateratako argazki hura hain zuzen, Agurtzanek berak ateratakoa da, hilabete horietan udaleko komunikazio arduraduna baitzen. 

Andresek herri honengatik eginiko lana Usurbilek ez duela sekula ahaztuko nabarmendu nahi izan du. Honela mintzatu berri da egungo alkatea, zendu berri den Franco hil osteko lehen alkateari buruz:

"Oraintxe jakin dut Andres Bruño Urdanpilleta Frankismo osteko Usurbilgo lehen alkatea hil dela. Argazki hau duela hilabete gutxi, Eudelek orduko alkateei Gernikako juntetxean egindako omenaldian atera nion. Hauxe gure aitortza eta omena:
Zure herriak aukeratuta
Herriarengatik emana
Usurbilek ez du inoiz ahaztuko
Gugatik egin zenuen lana"