Ikurriña udaletxeko balkoira itzuli zuen alkatea

Frankismo osteko Usurbilgo lehen alkate Andres Bruño Urdanpilleta zendu den larunbat honetan, gogora ekarri beharreko irudia duzue ondokoa. Bera alkate zela nabarmendu beharreko une historiko baten argazkia hain zuzen; 1977ko urtarrilaren 19koa da. Une historikoa, ia 41 urtez ezkutatua egon zen ikurriña udaletxeko balkoira itzuli zuten unea irudikatzen baitu. 

Donostia Egunaren bezpera, egun seinalatua da herri honen historian. 2017ko urtarrilaren 19an 40 urte bete ziren ikurriña Usurbilgo Udaleko balkoira itzuli zenetik. Aurten honenbestez, 42 urte bete dira. Egun hartan egin zen osoko bilkuran hartu zen erabaki hura. Ondoko argazkian dituzue une historiko hartako protagonistak. Ikurriña jarri zen egunean alkatea Andres Bruño zen (argazkian zutik, erdikoa). Idazkaria, Roke Arriola. Zinegotziak: Felix Aizpurua, Joxe Antonio Altuna, Joxe Aburuza, Jesus Urkiola, Felix Olasagasti, Joxe Manuel Matxain, Julian Pikabea. 


"San Sebastian bezpera hartan, ia 41 urtez ezkutuan egon zen ikurriña berriz itzuli zen Usurbilgo udaletxeko balkoira"
2013ko maiatzean espainiar estatuak Usurbilgo Udala Espainiako bandera udaletxean jartzera derrigortu zutenean, ikurriñari omenaldia egin zitzaion, eta ikurriña handi bat zintzilikatu zuten Joxe Martin Sagardia plazan. 40 urteotan herri honek ezagutu dituen alkate gehienak eta herritar mordoa bildu zituen ekitaldian irakurri zuten adierazpenak, duela 40 urteko une hura gogorarazi zuen. Adierazpen hark gogorarazten zuenez, "1977ko urtarrilaren 19an Euskal Herriko zenbait alkateek sustaturiko ekimenari jarraituz, udaletxeko batzar aretoan bildu zen Usurbilgo Udala osatzen zuen udalbatza. Egun hartan, ikurriña ofizialki aintzatetsi zuen mozioa aurkeztu eta onartu zen. Mozioa jasotzen duen aktak honako lerro hauek erakusten ditu, besteak beste: gure nahietako bat, gure bandera edo ikurriñaren onarpen ofiziala da. Gure herriarenak diren berezko eta legezko eskubideak aldarrikatzen dituen ikurra baita. 

San Sebastian bezpera hartan, ia 41 urtez ezkutuan egon zen ikurriña berriz itzuli zen Usurbilgo udaletxeko balkoira. Gordean pasatako orduak ez dira berreskuratzen. Baina memoria bai. Ikurriñak memoria duelako Usurbilen. Behar zuen eta merezi zuen lekua hartu zuen, eta harrez gero hemen izan du bere tokia, herriko banderarekin batera".

Ikurriñaren aldeko alkateen mugimenduko kidea
Ikurriñari 2013ko maiatzean egin zitzaion omenaldian parte hartu zuen herritarretako bat hain zuzen, Andres Bruño alkatea ohia izan zen. Bezperatan berarekin bildu zen aldizkari hau. Usurbilgo Udaletik omenaldian parte hartzeko jasotako gonbitaren aurrean,  “han egongo naiz, lehen ere hor ibili gara eta borrokan” erantzun zion. Bera alkate zela legeztatu baitzuten ikurriña, 1977ko urtarrilaren 19an, San Sebastian egunaren bezperan. Hainbat alkateek eginiko ahaleginen ostean. 

1976an alkate izendatu eta gutxira, ordura arte “erakutsi” ezin zen ikurrina legeztatzeko erronka eskuartean zuen bera buru zuen orduko Usurbilgo Udalak, Euskal Herriko beste hainbat udalek bezala. Hilabete haietan sortu zen, gerora “alkateen Bergarako mugimendua” izenez ezagutuko zena. Hainbat alkate batu ziren, besteren artean, ikurriña legeztatzea eskatzeko. Lehen bilerak Bergaran egitetik datorkio izena aipatu alkateen bilgune hari. Bilerak alkateen artean bakarrik ez, Madril aldera ere joan ziren, espainiar estatutik garai hartan noski, ikurriña legeztatzearen aurkako jarrera argia zen eta. Ikurriñaren aldeko mobilizaziorik ere ez zen falta izan. Lan eta saiakera askoren ostean, erronka lortu zuten, 1977ko urtarrilaren 18an, Martin Villa Espainiako Gobernuko barne ministroarekin eta Gutierrez Mellado teniente-jeneralarekin alkateek Madrilen egin zuten bileran. “Martin Villak ikusi zuenean indarra zegoela alkateen taldean, jada ontzat eman zuen. Aurrenetik gogorra zen, baina gero ontzat eman zuen”, oroitarazten zigun Andres Bruñok.

Egun hartan, “zigorgabetu” zuten ikurrina, eta Madrildik alkateak eurak izan ziren telefonoz, albiste pozgarria Euskal Herrira zabaldu zutenak. Hortik aurrera, hurrengo orduetan prestaketa lanik ez zuten falta izan. Dena oso azkar joan zen, 24 orduren buruan, hilaren 19an osoko bilkura deitu zuen Usurbilgo Udalak. Udalbatzak saio horretan ikurriña legeztatzea erabaki zuen. Eta segituan irten ziren udaletxeko balkoira ikurriña harrotasun osoz astintzera. Plazan jendetza bildu zen, guztiak une historiko hura bizitzera gerturatuak.

Gaurko aginduak, atzoko berak
Usurbilen bezala, ordu berean, beste hainbat herrietan ere antzeko ekitaldiak burutu ziren egun berean, San Sebastian bezperan. Antza, Donostiako Udalari aurre hartu nahi zioten. Hiriburuko garai hartako alkateak, “San Sebastian egunean jarri nahi zuen ikurrina”, oroitzen du Bruñok. Hark izan nahi ikurriña jartzen lehena, baina bandera txuri, berde eta gorria legeztatzeko lanetan ez omen zen askorik saiatu eta, gainerako alkateek telefonoz aurre hartzea erabaki eta ikurrina San Sebastian bezperan, 19:00etan jartzea adostu omen zuten. Hasieran 16 bat udalek, gerora gehiago batu ziren. Egunok igaro ostean, ikurriña kentzeko saiakeraren bat edo beste izan omen zen, Bruñoren esanetan. Baina horretan geratu zen guztia. Gaur arte.

“Gurea ikurriña da, ez bestea”
Ikurriña legeztatu zutenetik 36 urte igaro zirenean, 2013an, Espainiako Gobernuko Delegazioak hala eskatuta eta epaitegien aginduz, bandera espainiarra jartzera behartu zuten Udala. Bai Usurbilen eta Euskal Herriko beste hainbat lekutan. Ia lau hamarkada igaro ostean, inposizioz berriz ere bandera espainola nola jartzen duten bizitzea egokitu zitzaion Andres Bruñori. Urteak pasa ziren arren, bandera espainiarra jartzeko agindua iraganeko beste hainbat aginduren tankerakoa zela zioen alkate ohiak.

2013ko maiatza hasieran, Usurbilgo herriak ikurriñari egin zion omenaldian parte hartu zuen Bruñok orduko alkate Mertxe Aizpuruarekin, eta aurrez alkate izandako, Xabier Mikel Errekondo, Agustin Lizaso eta Martin Larrañagarekin batera. Omenaldi bezperatan bertaratzeko gonbita luzatzen zien Bruñok herritarrei, NOAUA! bidez. “Omenaldira joateko denei. Hainbat borroka izan ditugu ikurriñarekin, hainbat gorabehera. Orain, duela 40 urte eta baita lehenago ere. Baina gu euskaldunak gara, gurea ikurrina da, ez bestea”, adierazi zion NOAUA!ri.