Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia kaleratzear, mobilizazioei adi egoteko deia egin du Gure Eskuk

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 12:09

Espainiako Auzitegi Gorenak aste honetan bertan kaleratu dezake Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia. Epaia kaleratzen den egunerako elkarretaratze zaratatsua deitu du Usurbilgo Gure Eskuk Mikel Laboa plazan.

Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak aste hasiera honetan biltzekoak dira, 12 auziperatuei ezarriko dien zigorraren zenbatekoa zehazten hasteko. Asteazkenean jakinarazi dezakete epaia zer egunetan kaleratuko den. Hedabideen arabera, epaiak urriaren 16an baino lehen kaleratu nahi dute, hilaren 16an hain zuzen, bi urte beteko dituzte behin-behineko espetxealdian Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak. Horrenbestez, datorren astelehenean, urriaren 14an edo ostiral honetan bertan, hilaren 11n eman dezakete ezagutzera epaia.

2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzeagatik epaiaren zain diren 12 buruzagi independentistak honako hauek dira: Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia; Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo, Josep Rull eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea.

Elkarretaratze zaratatsua
Epaia ezagutzear den honetan, hilaren 11rako greba orokorrerako deia egin dute Katalunian sindikatu independentistek. ANCk eta Omniumek 100 kilometroko bost martxa antolatu dituzte epaia ezagutu osterako. Kataluniako bost puntu ezberdinetatik abiatuko diren zutabeek Bartzelonan bat egingo dute.  

Euskal Herrira etorrita, hemen ere kaleratzear den epaiari adi da Gure Esku mugimendua. Adi egoteko oharra zabaldu du Usurbilgo lan taldeak. Kaleratzear dute Kataluniako buruzagi independentistei lotutako epaia eta “ezinbestekoa da mobilizatzea. Gure eskubide eta askatasunak ere jokoan daude!”, ohartarazi du Usurbilgo Gure Eskuk. Epaia plazaratuko den egunari adi egoteko eskatzen du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak. “Epaia jakiten den egunean Mikel Laboa plazan elkarretaratze zaratatsua egitea da asmoa. Egunean bertan zehaztuko dugu ordua”.

Kataluniako erreferendumaren bigarren urtemuga egunaren harira, honako oharra helarazi zuen Gure Eskuk NOAUA!ra:

Erreferenduma ez da delitua
Urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrena bete da eta laster ezagutuko dugu buruzagi independentisten inguruko Auzitegi Gorenaren epaia.

Momentu hauetan, katalanei gure elkartasuna adierazteaz gain, Gure Eskuk hiru mezu argi bidali nahi dizkio euskal gizarteari:

  • Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, burujabetza helburu edota asmoak mugatu.
  • Prest gaude zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko.
  • Ezinbestekoa da euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko.

Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea. Adi mobilizazio deiei!

Usurbilgo Gure Esku