Joseba Tapiaren disko berriaren zuzeneko grabaketaren bi saio urriaren 25ean Sutegin

Azkenean bat ez, bi emanaldi eskainiko ditu Tapiak eta bere taldeak urriaren 25ean Sutegin. Lehenengo kontzertua 20:00etan, bigarrena 22:30etan. Adi txartelen salmentari; 10 eurotan erosi ditzakezue aldez aurretik, Bordatxon, Txirristran, Lizardin edota NOAUA!n. Bestela, egun berean 13 eurotan izango dituzue eskuragarri Sutegin.

Iaz Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinaturiko "Vint anys" emanaldirako osaturiko taldearekin etorriko da Joseba Tapia urriaren 25ean Usurbilgo kultur etxera. Lan berria grabatuko du Sutegiko auditorioan, zuzenean eta kideokin: Iñar Sastre (pianoa), Nerea Erbiti (perkusioa, ahotsa), Iker Uriarte (jazpana), Iñigo Telletxea (baxu elektrikoa), Ion Celestino (tronpeta), Asier Ituarte (tronboia), Ibon Irijoa (saxofoia), Leire Berasaluze (ahotsa) eta Kristina Aranzabe (ahotsa).

Zuzenean grabatuko du disko berria, aipatu moduan Sutegin. "Hogei urteko ibilbide diskografikoa egin ondoren, talde berria sortu du Joseba Tapiak. Pare bat urte lanean, moldaketak eta partiturak josten ibili ostean, emaitza zuzenean eskaini eta grabatuko dute. Hamar musikari oholtza gainean: Trikitixa, Tronpeta, Saxoa, Tronboia, Pianoa, Baxu elektrikoa, Jazpana, eta koruak. Kantua, dantza eta umore ironikoa: abere gabeko kabalkada bat!! Tradizioa eta traizioa ikuskizun berdinean. Elektrikoa, eklektikoa eta heretikoa izango da antolatuko duten festa. Euskaraz bakarrik ondo ulertuko omen da".

Aipatu moduan adi, emanaldi bat ez, azkenean bi eskainiko baititu Tapiak urriaren 25ean Sutegin!

JOSEBA TAPIAREN ZUZENEKO DISKOAREN GRABAKETA
Eguna: urriak 25, ostirala.
Ordua:
20:00/22:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrerak: 10 eurotan aldez aurretik, Bordatxon, Txirristran, Lizardin edota NOAUA!n eskuragarri. Bestela, egun berean 13 eurotan eskuragarri Sutegin.
Argazkia: Kepa Gonzalez.