Atzegiren sentsibilizazio kanpainak gaur hitzordu nagusia

Irisgarritasun kognitiboan eragiteko abian duen sentsibilizazio kanpaina eskualdean aurkeztu ostean, Donostian ospatuko du gaur Atzegik ekitaldi nagusia. 

Irisgarritasun kognitiboaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi gaitu "Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi" aldarripean Atzegik abian duen sentsibilizazio kanpaina berriak.

Euskarri desberdinekin plazaratu du egunotan kanpaina Atzegik, "adimen desgaitasuna duten pertsonekin eta hauen familiekin, atzegizaleekin eta boluntarioekin"; kartel, liburuxka, bideo eta aipatu elkartearen web orrialdean eskaini dioten txokoarekin hani zuzen. Eskualdez eskualde dabiltza kanpaina zabaltzen egunotan. Buruntzaldekoa joan den astean egin zuten Lasarten. Albiste honi atxikitako bideoan dituzue xehetasunak.

Ekitaldi nagusia, astearte honetarako, urriaren 8rako iragarri dute 18:30etan Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertaratu nahi duenak gonbidapena eskuratu behar du aurrez, Atzegirekin hartuemanetan jarrita. Bideotatik: 943 42 39 42 / atzegizale@atzegi.eus

Mundu ulergarriagoa eraikitzen laguntzeko deia
"Gizarteari ahalegin bat eskatu nahi diogu adimen desgaitasuna duten pertsonen lekuan jar dadin. Egunerokotasunean aurkitzen dituzten zailtasunetaz jabetzea dugu helburu eta, ahal duten heinean, aldaketak egin ditzatela guztiontzat ulergarriagoa izango den mundu bat sortzeko", adierazi dutenez.

Gogorarazten dutenez, "egunerokotasunean, ingurutik, ulertzeko zailak izan daitezkeen mezuak jasotzen ditugu eta are zailagoak izaten dira desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat. Adibidez, jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoetako ordutegiak, irudi ulertezinak, eskuorri informatiboak, hauteskunde programak...". Horren aurrean, eta "adibide ezberdinei esker, jendeak zailtasun horiek ulertzea nahi dugu eta mezu errazen alde egitea, pixkanaka denontzat ulerterraza den ingurunea eraikitzeko". 

Gaiak kolektibo honen bizi-kalitatean bete betean eragiten baitu. Horregatik diote Atzegitik, kolektibo honetako kideak "ahalik eta autonomoenak izateko, berebiziko garrantzia du mundua ondo ulertzeko aukera izatea". 

Horregatik guztioi hausnartu eta urratsak ematera gonbidatzen gaituzte. "Pertsona bakoitzak, bere lan edo ingurune pertsonalean aldaketa txikiak egiten baditu, ziur gaude mundu irisgarriagoa eraikiko dugula". 

Kanpainaren berri zehatzago jasoko duzue, atzegi.eus atarian.

Atzegi zenbakitan
-Buruntzaldean: 163 familia, 102 kolaboratzaile eta 541 atzegizale.
-Orohar:  2.188 familia (2.279 adimen desgaitasuna duten personak), 2.571 kolaboratzaile, 10.464 atzegizale. Elkartearen oinarria guztira: 15.223 pertsona.