Altsasuko gazteak aske uztea eskatuko da haiei elkartasuna adieraztearekin batera, muntai polizialen aurkakoa ere izango den elkarretaratzean. Ostegun honetako mobilizazioa, Espainiako Auzitegi Gorenak kaleraturiko epaiaren biharamunerako deitu da. Auzitegi Nazionalak ezarritako 79 urtetik 51 urtera jaitsi die espetxe zigorra Gorenak Altsasuko gazteei. Diskriminazio larrigarria kendu eta Altsasuko bi gazteei lesio delitua kendu die.
Altsasuko gazteen defentsak guztiz neurriz kanpokotzat jo du jada irmoa den Auzitegi Gorenaren epaia. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgora jotzekotan dira.
Auzitegi Gorenaren epaiak espetxealdiotara zigortu ditu Altsasuko gazteak:
-Jokin Unamuno eta Amur Ramirez de Alda: 8 urte eta erdiko espetxe zigorra.
-Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea: 7 urte eta erdiko espetxe zigorra.
-Aratz Urrizola: lau urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra.
-Iñaki Abad: hiru urte eta erdiko espetxe zigorra.
-Ainara Urkijo: espetxean ez dagoen bakarra, urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote.
Usurbilen bezala, Euskal Herri luze zabalean hainbat mobilizazio deitu ziren atzo, eta baita egunotarako ere. Ostegun eguerdi honetan, hedabideen aurrera agertu dira Altsasuko Gurasoak. Azken orduotan jasotako babesa eskertu dute eta aurrera begirako ekintzak iragarri dituzte; tartean, urriaren 26rako elkarretaratzea deitu dute 17:00etan, Nafarroako Auzitegiaren atarian.