Iraila amaieran abiarazitako kanpainak 1.463 sinadura bildu ditu. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue esteka honetan klikatuta: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
Sinatzearekin batera, ekimenarekiko hitz batzuk idazteko aukera dago. Hemen momentuz hainbat lagunek idatzitako iruzkinak:
Bingen Etxabe Garmendia: "Indarra eta justizia. Altsasukoak aske orain!! Preso eta herritarrentzat askatasuna yapa!!".
Joxe Migel Lopez Arruabarrena: "Beste injustizia bat! Xua gurasoekin etxeraaaa!".
Joseba Zuloaga: "Xua gurasoekin etxera".
Itsaso Plazaola: "Irakasle naizen ikuspuntutik, ezinbestekoa da ume batek bere gurasoen beharra duela hain oinarrizkoak diren lehenengo urteetan".
Itziar Pou: "Beraien eskubideak direlako, bai Xua-rena gurasoekin bizitzeko bai gurasoena 3/4nak bete dituztelako".
Gurutze Goikoetxea Barandiaran: "Bai umea bai gurasoak etxean egon behar direlajo lehen bait lehen!".
Bereizketaren aurka, etxeratzearen alde
Gogoan izan, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak dituzte, Usurbildik 600 kilometrora. Xuak urtarrilean 3 urte betetzean espetxetik irten beharko du, eta honenbestez, gurasoengandik bereiziko dute. Olatzek eta Patxik espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituztela jakinik, Espainiako legedia kontuan izanda, kalean behar zuten jada. Eta horren alde ari da lanean, hiruren Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osatu duten "Xua Gurasoekin Etxera" plataforma. Hirurak aske etxera etor daitezen lanean.
Horretarako, manifestu bat plazaratu dute. Manifestu horren alde ari dira sinadurak biltzen. Segidan irakur dezakezue osorik. Usurbil, Orio eta Zarauzko musikari eta artista talde batek sortutako kantua ere aurkeztu zuten irailaren 27an Orion.
MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.
Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.
Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!
"XUA GURASOEKIN ETXERA" ABESTIA