Usurbilen ere Altsasukoak aske nahi dituzte

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 11a, 09:49

Usurbilgo Ernaik deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute ostegun iluntze honetan Mikel Laboa plazan, Altsasuko gazteak aske uztea eskatu, gazteoi eta haien senide zein lagunei besarkada bana helarazi eta "Altsasuko herriak jasandako muntai, politiko, judizial eta mediatiko hau" onartezintzat jotzearekin batera. "Ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste ebazpenik!", adierazi dute deitzaileek elkarretaratze amaieran plazaratu duten adierazpenean.

"Non dago justizia?" galdetu dute ostegun iluntzeko elkarretaratzean. Espainiako Auzitegi Gorenak asteazkenean Altsasuko gazteen aurkako espetxealdiak agindu ostean, "basakeria hau behin betirako bukatzeko aukera itxi du Estatuak", adierazi dute, "Ez dugu onartzen absoluzioa ez den beste epairik. Altsasukoak aske" aldarripean egin den mobilizazioan.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiarekin "espainiar estatuak bere izaera antidemokratikoan berresteko asmoa baino ez duela erakutsi du", eta datozen egunotan Kataluniako buruzagi independentistei lotutako epaiarekin ere antzeko egoera biziko dugula aurreikusten dute. "Altsasun ikusi dugu eta Katalunian ikusiko dugu hurrengo egunetan", ohartarazi dute.

Era berean urriaren 26an, goizez Altsasutik abiatu eta arratsaldeko 17:00etan Nafarroako Auzitegi atarian amaituko den "duintasunaren martxa"-rekin bat egin dute, Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske Taldeak deitu deituen gainerako ekimenak babestearekin batera.

GAZTEOK ALTSASUKOEKIN
Lehenik eta behin gazteok elkartasun osoa adierazi nahi diegu espetxean diren Altsasuko gazteei eta Altsasuko herriari, Jokin, Oihan, Adur, Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen eta Ainara, zuekin gaude! Eta horrekin batera, berriz ere diogu ez dugula onartzen, ez dugu onartzen gazte hauen aurkako ebazpenik, ez dugu onartzen Altsasuko herriak jasandako muntai politiko, judizial eta mediatiko hau eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste ebazpenik!

Epaituak izan aurretik zigortuak izan dira, herri oso bat kriminalizatua, terrorismoarekin lotzeko saiakera eta manipulazioa, espainiar medioetako portadetan seinalatuak, epaiketaren prozeduran irregulartasunak, probokazioak eta irainak, mila egun baino gehiago bahituak, salbuespenezko auzitegiek eta indar armatuek etorkizuna lapurtua eta gaurkoan, berriz ere, galdera berdina: non dago justizia?

Atzoko egunean beraz, basakeria hau behin betirako bukatzeko aukera itxi du Estatuak, eta beste behin ere, behartuak ikusten gara egoera hau salatzera. Aurreikus zezakeen moduan, espainiar Estatuak eta bere aparatuek ebazpen honen bitartez azkeneko urte hauetako bidea konfirmatzen dute. Modu honetan, espainiar Estatuak gazteriaren aurkako kriminalizazio eta errepresioaren norabidean sakontzeko hautua egina du, eta azken orduko ebazpen honekin bere izaera antidemokratikoan berresteko asmoa baino ez duela erakutsi du, Altsasun ikusi dugu eta Katalunian ikusiko dugu hurrengo egunetan.

Espainiar Estatuak bizi duen krisiaren aurrean, konponezina egiten ari zaio bai Kataluniarekiko baita Euskal Herriarekiko ere, herri hauen eskakizunei eskaintza termino demokratikoetan ezaugarritzea; estrategia autoritarioa eta errepresiboa da Estatuko herrion eskakizun demokratiko eta askatasun grina zapaltzeko duen eskaintza bakarra, alegia, Espainiar proiektu politikoaren muinean daramana. Beraz, espainiar erregimenak agerian utzi du, beste behin, euskal gazteriaren aurkako ofentsiban tinko jarraitzen duela. Altsasuko gazteen aurkako sententziak, 78ko iruzurraren fruitu den erregimenaren oinarriak erakutsi dizkigu berriro ere.

Modu honetan, gaur goizeko agerraldian Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske Taldeak hurrengo asterako deitutako mobilizazioetara batzen gara, beraien artean, datorren urriaren 26an, larunbatarekin, “duintasunaren martxa”ra dei egiten dugu, goizean Altsasutik aterako dena eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko Justizia Jauregiaren aurreko plazan elkarretaratze batekin amaituko dena.

Besarkada bat gazte eta beraien senide eta lagunei. Denok gara Altsasu, denak etxera!
Altsasukoak askatu!