Elkarretaratze zaratatsua, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia ezagutu ostean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 11a, 09:18

Hedabideen arabera, astelehen honetan, urriaren 14an bertan plazaratu dezake Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia. Usurbilgo Gure Esku mugimendutik adi egoteko deia egin dute. "Epaia jakiten den egunean elkarretaratze zaratatsua" iragarri dute Mikel Laboa plazan. Egun horretan bertan zehaztuko dute ordua. 

Demokraziaren aurkako epaia izango denaren zain dira Katalunian, baita Euskal Herrian ere. Astelehen honetan bertan eman dezakete ezagutzera, Kataluniako buruzagi independentisten eta demokraziaren aurkako epaia. Ziurtzat jotzen da, urriaren 16a baino lehen izango dela, hilaren 16an hain zuzen, bi urte beteko dituzte behin-behineko espetxealdian Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak.

2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatu eta Kataluniaren independentzia aldarrikatzeagatik epaiaren zain diren 12 buruzagi independentistak honako hauek dira: Oriol Junqueras presidenteorde ohia, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia; Raul Romeva, Jordi Turull, Joaquim Forn, Dolors Bassa, Meritxel Borras, Carles Mundo, Josep Rull eta Santi Vila kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCren buruzagi ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea.

Elkarretaratze zaratatsua
Epaia ezagutzear den honetan, hilaren 18rako greba orokorrerako deia egin dute Katalunian sindikatu independentistek. ANCk eta Omniumek 100 kilometroko bost martxa antolatu dituzte epaia ezagutu osterako. Kataluniako bost puntu ezberdinetatik abiatuko diren zutabeek Bartzelonan bat egingo dute.  

Euskal Herrira etorrita, hemen ere kaleratzear den epaiari adi da Gure Esku mugimendua. Adi egoteko oharra zabaldu du Usurbilgo lan taldeak. Kaleratzear dute Kataluniako buruzagi independentistei lotutako epaia eta “ezinbestekoa da mobilizatzea. Gure eskubide eta askatasunak ere jokoan daude!”, ohartarazi du Usurbilgo Gure Eskuk. Epaia plazaratuko den egunari adi egoteko eskatzen du erabakitze eskubidearen aldeko mugimenduak. “Epaia jakiten den egunean Mikel Laboa plazan elkarretaratze zaratatsua egitea da asmoa. Egunean bertan zehaztuko dugu ordua”.

Kataluniako erreferendumaren bigarren urtemuga egunaren harira, honako oharra helarazi zuen Gure Eskuk NOAUA!ra:

Erreferenduma ez da delitua
Urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrena bete da eta laster ezagutuko dugu buruzagi independentisten inguruko Auzitegi Gorenaren epaia.

Momentu hauetan, katalanei gure elkartasuna adierazteaz gain, Gure Eskuk hiru mezu argi bidali nahi dizkio euskal gizarteari:

  • Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria piztu dezake, eta oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, burujabetza helburu edota asmoak mugatu.
  • Prest gaude zigor epaia etorriz gero euskal gizartearen erantzun zabala artikulatzeko.
  • Ezinbestekoa da euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko.

Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea. Adi mobilizazio deiei!

Usurbilgo Gure Esku