Gripearen aurkako txertoa hartzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 14a, 08:10

Kanpaina bereziki ohiko arrisku taldeei zuzendua dago. Aurten berrikuntza batekin dator; maskarak eskuragarri jarriko ditu Osakidetzak osasun etxeetan.

Martxan da gaurtik, eta momentuz sei astez, gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina. Ohi bezala, bereziki 65 urtetik gorakoei, haurdun egon edo gaixotasun kronikoak dituztenei zuzendua dago kanpaina. Osasun langileek txertoa hartzea ere aholkatzen dute. 400.000 dositik gora ditu eta 1,4 milioi euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak egitasmo honetara, iaz baino %16 gehiago. 

Jaurlaritzaren datuen arabera, "iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela, eta, haietatik, 435 larri egon ziren. Gainera, 79 pertsona hil ziren". Osasun Sailetik gogorarazten dutenez, “txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio-neurri seguruena eta eraginkorrena da”. Gripearen transmisioa saihesteko berrikuntza gisa, iragarri dutenez maskarak izango dira ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan eta etengabeko arreta guneen itxarongeletan. Anbulatorioetan aurrerago jarriko dituzte eskuragarri. Informazio gehiago anbulatorioan.

Odol ematea
Anbulatorioa aipatuta, gogoan izan, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak bi hilean behin deitzen duen odola emateko hitzordu berria ate joka dugula. Datorrena, azaroaren 4an, 18:00-20:30 artean anbulatorioan. Gogoan izan, bizitzeko guztiok beharrezkoa dugun odola emateko baldintzak zeintzuk diren:

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiago:
donantes2punto.eus
943 31 70 91

Intsignia eta diploma banaketa
Oria Behea eskualdean batuta dauden odol emaileen elkarteek intsignia eta diplomak banatzen dizkiete urtero odol emaile direnei. Gero bazkaritarako bildu ohi dira. Oria Behea eskualdean dira Aia, Andoain, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Billabona, Ereñozu, Hernani, Ibarra, Irura, Lasarte, Orio, Tolosa, Urnieta eta Usurbilgo odol emaileen elkarteak. Urtero txandaka elkarteotako batek antolatzen du intsignia eta diplomak banatzeko ekitaldia. 2019ko edizioa lotzea Usurbilgo ordezkaritzari egokitu zaio. Urriaren 27an ospatuko dute hitzordua, Urnietako Oianume jatetxean.