Guztira 100 urteko espetxealdia Kataluniako buruzagi independentistentzat, elkarretaratze zaratatsua 19:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 14a, 07:42

9-13 urte arteko espetxealdiarekin zigortu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak, Kataluniako buruzagi independentistak. "Erreferenduma ez da delitua. Askatasuna" aldarripean, elkarretaratze zaratatsua deitu du Usurbilgo Gure Esku Dagok 19:00etan Mikel Laboa plazan.

"Kataluniako auzian, herritarron oinarrizko eskubideak, askatasun demokratikoak eta herrien eskubide kolektiboak daude jokoan" ohartarazi du Usurbilgo Gure Esku mugimenduak. Euskal Herri mailako Gure Eskuk adierazi berri duenez, "onartezina da! Larrialdi demokratiko hau kalean salatu behar dugu".

Horregatik, "epai bidegabe honen aurrean eman beharreko erantzuna bi hitzokin laburbildu du erabakitze eskubidearen aldeko herri bilguneak; "elkartasuna eta mobilizazioa".

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu ostean, berehala deitu du Usurbilgo Gure Eskuk lehen mobilizazioa; elkarretaratze zaratatsua astelehen arratsalde honetan, 19:00etan Mikel Laboa plazan. Usurbilen bezala, Euskal Herri luze zabalean deitu ditu mobilizazio zaratatsuak Gure Esku mugimenduak. Eta larunbaterako (urriak 19) manifestazioa Donostian.

Katalunian ere hamaika deialdi plazaratu dituzte egunotarako.

100 urteko espetxe zigorra
2017ko urriaren 1ean Kataluniako herriari bere etorkizunaz erabakitzeko hitza emateagatik 100 urteko espetxealdiarekin zigortu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako 12 buruzagi independentista. 9-13 urtera arteko espetxe zigorra ordezkari politiko bakoitzarentzat. Delituok eta urte kopuru hau ezarri diote bakoitzari:
-Oriol Junqueras (Generalitat-eko presidente orde ohia): 13 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa eta inhabilitazioa.
-Raul Romeva (Atzerri Kontseilaria): 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Joaquim Forn (Barne Kontseilaria): 10 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa. Sedizioa.
-Jordi Turull (Presidentetza Kontseilaria): 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Jordi Rull (Lurralde Antolaketako Kontseilaria): 10 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Dolors Bassa (Lan eta Gizarte Gaietarako Kontseilaria): 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Carme Forcadell (Parlamentuko presidentea): 11 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Jordi Sanchez (ANCko presidentea): 9 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Jordi Cuixart (Omnium-eko presidentea): 9 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa. Sedizioa.
-Santi Vila (Kultura Kontseilari ohia): 10 hilabeteko isuna. Desobedientzia.
-Meritxel Borràs (Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza Kontseilaria) : 10 hilabeteko isuna. Desobedientzia.
-Carles Mundò (Justizia Kontseilaria): 10 hilabeteko isuna. Desobedientzia.