Espainiaren epaia ozen salatu eta Kataluniari "seguim amb vosaltres" adierazi diote usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 15a, 09:47

Txistu artean ozen salatu dute usurbildarrek Gure Esku Dago Usurbilek astelehen arratsalde honetan Mikel Laboa plazan deitutako elkarretaratze zaratatsuan, Espainiako Auzitegi Gorenak goizean ezagutzera emandako epaia; 100 urteko espetxealdira zigortu ditu Kataluniako 12 buruzagi independentista, duela bi urte Kataluniako erreferenduma antolatzeagatik.

Gure Esku Dago Usurbilek iragarria zuen adi egoteko, Madrilgo auzitegiak epaia kaleratzen zuen egunean elkarretaratze zaratatsua egingo zuela. Esan eta egin. 19:00ak pasatxoan frontoi atzea, Espainiak Kataluniako 12 ordezkari politikori ezarritako 100 urteko espetxealdia salatzeko plazan bilakatu da. Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia ozen salatu dute usurbildarrek astelehen arratsalde honetan. Erreferenduma ez dela delitua ozen adierazi dute.

Txistu artean hartu dute, 2017ko urriaren lehenean Kataluniari bere etorkizunaz erabakitzeko hitza emateagatik 12 buruzagi independendista zigortu dituen Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Eta besarkada handia helarazi diote Kataluniako herriari; ""seguim amb vosaltres" gogoraraziz.

Manifestazio nazionala larunbatean Donostian
Usurbilen soilik ez, Euskal Herri luze zabalean egin dira azken orduotan, Gure Esku mugimenduak deitutako antzeko mobilizazioak. Erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak larunbaterako (urriak 19) manifestazio nazionala deitu du Donostian.