Usurbilgo EAJ: “Konponbidea elkarrizketatik etorriko da”

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 15a, 11:14

Usurbilgo udal talde jeltzalearen ustez, Kataluniako proces delakoaren epaia benetan larria da: “ebazpen eta auto judizialen gainetik ere auzi politiko horrek bere horretan jarraituko du eta zigor esparrura eramanda, are indar handiagorekin”.

EAJko zinegotziek Gure Esku Dagok Donostian deitutako elkarretaratzean parte hartu zuten atzo. Josune Urkolaren iritziz, “hasieratik defendatu dugu prozedura judizial hau ez zela sekula ere eman behar. Bere garaian jeltzaleok salatu genuen bezain irmo salatzen dugu gaur Kataluniako gizartearen ordezkari legitimoak bi urte luzetan presoaldi prebentiboarekin zigortu izana. Salbuespeneko zigorra izan zen eta oraingo epaiarekin are larriago bilakatu da, gatazkari amaiera eman beharrean bere gorenera eraman baitu eta Espainiako Estatuaren barruan elkarbizitza demokratikoa hautsi baidezake. Katalunian auzi politiko bat dago eta auzi politiko honek behar duen irtenbidea ez da etorriko epaiketatik edo ebazpenetatik, ezta 155. artikulua aplikatzetik ere, elkarrizketatik baizik”.

 

Espetxeratuak askatzearen alde

Zinegotzi jeltzaleek espetxean jarraitzen duten eta epai honek kondenatu dituen ordezkariak askatzea erreklamatzen dute, “gertakariak esparru politikora mugatzen direla ulertzen baitugu”.

 

Erabakitzeko eskubidea

Josune Urkolaren esanetan, “konponbidea etorriko da, ezinbestean, elkarrizketatik. Elkarrizketa ireki, eraikitzaile eta demokratikotik. Kataluniako biztanleriaren gehiengoaren borondateari asebetetzeko erantzuna emango dion negoziaketatik. Hiritargo honek, guk bezala, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka”.