Bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko "Usurbil Suspertu" egitasmoa martxan gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 16a, 08:45

Asteazken honetatik martxan da Udalak kiroletako nahiz osasun munduko eragile desberdinekin landu duen "Usurbil Suspertu" egitasmoa. Bizi ohitura osasuntsuak sustatzea du xede pertsona ez aktiboei zuzenduriko proiektu honek.  Gaurtik, urriaren 16tik aurrera asteazkenero jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatzeko doako aholkularitza zerbitzu pertsonalizatu berria eskainiko du Udalak. Astelehenean aurkeztu zuten ekimena Potxoenean.

Aholkularitza zerbitzua, egunerokoan, ohituraz jarduera fisikoa egiten ez duten herritarrei zuzendua egongo da bereziki. "Pertsona ez aktiboei zuzendutako programa da", Usurbilgo Udalaren esanetan. Norbere errealitate, egoera eta beharretara egokitua egongo da "Mugiment". Hala izena du, Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Foru Aldundiak sustaturiko egitasmoak, jada 16 herrietan martxan dena. Usurbila Udalak ekarri du, eta hemen, "Udalak eta Osakidetzak eskainiko dute zerbitzua, anbulatorioaren eta Oiardo Kiroldegiaren kolaborazioarekin".

"Usurbil Suspertu" lelopean garatuko den programak "jarduera fisikoaren preskripzio, orientazio eta aholkularitza" zerbitzua eskainiko du asteazken honetatik, urriaren 16tik aurrera, astean lau orduz. Programaren xehetasunak asteleheneko Potxoeneko agerraldian aurkeztu zituzten Usurbilgo Udaleko kirol alorreko zinegotzi Beñat Larrañagak, Mugiment programako idazkaritza teknikoko ordezkari Malen Ruiz de Azuak, Osasun Publikoko Osasun Sustapeneko teknikari Arantxa Urangak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari Iñaki Iturriozek, proiektu honetarako ESI Donostialdeko erreferente Maria Jose Goñik eta orientazio zerbitzu honetako aholkulari lanetan jardungo duen Irati Ibarbia teknikariak.

Beharra duten kolektiboak, bizi ohitura osasuntsuetara bideratzeko
Zerbitzua asteazken goizero eskainiko du Udalak, nahiz Udaleko kiroletako zinegotzi Beñat Urdanpilletak zioenez, "ekimen honek herrian harrera ona izango balu, aurrerago eskaintza zabaltzeko borondatea izango du Udalak". Ezinbestekotzat jo zuen ongizartea garatzeko, gizarte hobeago baten alde aritzeko gisa honetako egitasmoak. "Gizartean eragiteko tresna paregabea dela iruditzen zaigu, batez ere beharra duten kolektiboetan bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko bidean".

"Euskadi Mugiment" izeneko proiektuan kokatua dago "Usurbil Suspertu". "Gaur egun pertsona ez aktiboengana heltzeko dugun tresna eraginkorrena haiei zuzendutako orientazio zerbitzuak dira", Mugiment programako idazkaritza teknikoko ordezkari Malen Ruiz de Azuaren esanetan. Eta tresnon bidez, "beraien bizi ohituretan jarduera fisikoa txertatzea da lortu nahi duguna, beraien ongizate eta osasunean positiboki eraginez".

Norberari egokitua
Ia denok edo denok anbulatoriora joan beharran aurkitzen gara inoiz. Osasun etxean profesionalarekin egonda, "bere osotasunean artatzen dute, bere baldintzatzaile guztiekin. Uste dugu hori dela egitasmo honek arrakasta izateko gakoa", zioen Potxoenean Osasun Publikoko Osasun Sustapeneko teknikari Arantxa Urangak. Erabiltzaileentzat soilik ez, osasun alorreko profesionalentzat egitasmoak duen garrantzia azpimarratu zuen ESI Donostialdeko ordezkari Maria Jose Goñik, haiek baitira egitasmo honen onuradun izan daitezkeen herritarrak baloratu eta identifikatzeaz arduratuko direnak. "Laguntza oso oinarrizkoa da aktiboak ez diren pertsonentzat" bere esanetan, onuragarria "bizitza aktiboagoa izateko, ongizate fisiko, emozional eta psikikoan laguntzeko".

Artatzen ari den herritarrari jarduera fisikoa egitea komeni zaiola iruditzen bazaio medikuari, hala egitea gomendatu eta Ibarbiak eskainiko duen aholkularitza zerbitzura bideratuko du. Asteazken goizetan izango da Irati Ibarbia, 9:00-11:00 artean Oiardo Kiroldegian eta 11:00-13:00 artean anbulatorioan.  "Jendea askotan ez da herrian dauden baliabideak erabiltzera ausartzen edo ez du ezagutza jarduera fisikoari buruz. Gure asmoa orientatu edo laguntza eskaintzea da. Osasun arazo bat baldin badu, onuragarria izango zaion jarduera fisikora bideratzea, eta zubi lanak egitea herriko kirol elkarte eta bestelako gizarte zerbitzuekin", Ibarbiaren esanetan. 

Erabiltzaileak bi urteko jarraipena jasotzeko aukera izango du. "Usurbil Suspertu" bonoa emango zaio, "ordainpekoak diren kiroldegiko ikastaro, tailer eta klubetako entrenamenduetarako. Aholkulariak gomendatutako jarduera ondo datorkion frogatzeko aukera emango dio bonoak pazienteari. Bono horrekin, izan ere, doan erabili ahal izango ditu kirol instalazioak, epe batean: hori amaitzean, jarraitu nahi izanez gero, bere kabuz izena eman eta ordaindu beharko du desio duen hori". 

Hirutik batek ez du ohituraz jarduera fisikorik egiten
Udal sail ezberdinen arteko lankidetzari esker gauzatu da egitasmoa. "Herriko aktibo eta baliabideak elkar konektatu eta dinamizatzeko modu bat da ere", Osasun Publikoko Osasun Sustapeneko teknikari Arantxa Urangaren esanetan. Elkarlan horretara batu da baita Gipuzkoako Foru Aldundia ere. Diputazioko ordezkari Iñaki Iturriozen esanetan, kirol politiketan eman duten norabide aldaketa azpimarratu zuen. "Gehiago zentratu gara dagoeneko aktiboak izan nahi zuten pertsonetan. Azken aldian ahalegin berezi bat egiten ari gara, aktiboak izateko zailtasunak dituzten pertsonengana hurbildu eta erraztasunak jartzeko", bere esanetan. 

Datuek ere ahalegin hori egitera bultzatzen dute Foru Aldundia. "Gipuzkoan hiru pertsonatik batek ez du lortzen jarduera fisikoa ohituraz egitea, emakumeetan zertxobait gehiago. Larriagoa da egoera pobrezia arriskuan den populazioan. Kasu honetan %45ak ez du lortzen maila horretara heltzea". Horregatik "erronkak merezi du" zioen, "ia Usurbilen ere lortzen dugun pertsonen onurarako izatea".