"2 urteko lanaren ondoren, azkenean ere esku artean dugu Yurre Ugarte eta bion komikia: Joana Maiz!", iragarri du Larratxek. Asteburuan ospatuko den Getxo Comic, Getxoko 18. Komiki Azokaren baitan, Euskal Herriko sortze lan berriei eskainiko zaien tartearen baitan aurkeztuko dute Larratxek eta Ugartek "Joana Maiz". Igandean, urriaren 20an, arratsaldeko 18:30etan Romo kultur etxean. Eta bertan salgai izango dute, "eta datorren astean dendetan, poza!", adierazi du Larratxek sare sare sozialen bidez, ondoko argazkiarekin. "Asteburu honetan Getxoko komiki azokan izango duzue eskuragarri Harriet Ediciones-en postuan (gure sinadura eta marrazkiekin!) eta datorren astean liburu dendetan!", gogorarazi du.
"Joana Maiz" proiektua diseinatzen hasi aurretik, bi sortzaileok lehendik elkarlanean aritutakoak dira; 2013an, "Katu hegoduna" lana argitaratu zuten. Eta biek kolaboratu dute baita Xabiroi aldizkarian.
Joseba Larratxeren sortze lan berria
Izenburua: "Joana Maiz".
Egileak: Yurre Ugarte eta Joseba Larratxe.
Argitaratzailea: Harriet Ediciones.
Orrialde kopurua: 122.
Zehaztasunak: "Erresistentzia da JOANA MAIZen gakoetako bat. Joseba Larratxe eta Yurre Ugarteren lehenengo nobela grafikoaren protagonistak uko egingo dio euskal historia kanonikoaz diharduen gidoia filmatzeari, eta castingean baztertutako atsoa berreskuratuko du: etxetik kaleratua izatekotan den andre zaharra. Hala, bizi-une ezberdinetan dauden bi antigona elkartuta, erresistentzia da, bientzat, jarrera askatzaile bakarra".