Kataluniari lotutako erakunde adierazpena plazaratzeko elkarretaratzea ostiralean udaletxe aurrean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 08:00

"EH Bilduk eta EAJk adierazpen instituzional bat adostu dute Kataluniako ‘Procés’-aren sententziaren harira", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Adierazpen hau plazaratuko dute, ostiral eguerdiko 12:00etan udaletxe aurrean deitu duten elkarretaratzean. Udal ordezkari, langile eta herritar oro deitzen dute mobilizaziora.

Sei puntuko erakunde adierazpena adostu dute Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-k. Batetik, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari babesa adieraziko diote, "herriari hitza ematea" delitua ez zela izan ziurtatzearekin batera. "Tresna demokratikoa eta zilegizkoa" izan zela diote, "Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea" gogoraraztearekin batera. Horrekin batera, preso politikoak berehala askatu eta erbesteratu politikoen aurkako auzibideak etetea eskatuko dute. Haiei, euren etxekoei, Kataluniako herri eta erakundeei elkartasuna adieraziko diete. 

Kataluniako agintari eta gizarte eragileei egotzitako auzia eta ezarritako zigorrak justifikaezintzat jotzen dituzte, Zuzenbidearen Estatua itxuragabetu eta espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean ezbaian jartzen duela.

Estatu espainiarraren erantzun bortitzak euskal herritarroi zuzenean eragiten digula ere azpimarratuko dute, "herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du" eta. Horregatik, Udalak "Usurbilgo herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde".

Greba eguna Katalunian
EHBilduk eta EAJ-k adosturiko erakunde adierazpena, ostiral eguerdiko 12:00etan udaletxe aurrean deitu duten elkarretaratzean plazaratuko dute. Katalunian greba orokorra deitu duten egun berean hain zuzen. Asteazkenean Kataluniako bost udalerri ezberdinetatik abiaturiko martxa jendetsuek bat egingo dute Bartzelonan. 

Biharamunerako gogoan izan, Gure Eskuk manifestazio nazionala deitu du urriaren 19an 17:30etan Antiguako tuneletik Bulebarrera, "Erreferenduma ez da delitua, askatasuna. Defenda dezagun gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea" aldarripean.