“Bizitza ez da guk nahi dugun bezalakoa, tokatzen zaigun bezalakoa da” esaldia sarritan hartzen omen zuen ahotan, urriaren 5ean zendu zen frankismo ostean, demokratikoki hautatutako Usurbilgo lehen alkate ohi Andres Bruño Urdanpilletak. Bizitzea egokitu zitzaionari keinua egingo zion ziur hitzok ahoskatzean.
NOAUA! bidez aurreko asteotan gogorarazi genizuen moduan, apirila hasieran Gernikako batzarretxean omendu zuten Bruño eta frankismo osteko lehen alkateak, lehen hauteskunde demokratikoak ospatu zireneko 40. urtemuga bete zenean. Lagun eta senideez inguratua izan zen, Usurbilgo udal ordezkaritza batekin batera. “Oso gustura joan zen eta han oso hunkitua zegoen. Errekonozimendu handia izan zen berarentzat”, adierazi diote NOAUA!ri Andresen senideek. Une horretako alkate Xabier Arregiri eskerrak helarazi nahi dizkiote. Berak animatu zuen Andres Gernikako omenaldira. Eta batzarretxeko ekitaldiaren ostean, Arregik berak gogorazi zuen sare sozialen bidez, Bruñok Gernikarekin izan zuen lotura estua, lerrootan azalduko duguna. Omendua izan zen herri horretan bertan, 1936ko gerran sufritutako bonbardaketaren lekuko zuzena izan baitzen Andres.
Lau urteko bidaia latza
Andresen alaba Maribelek, Blancak eta biloba Maitane Eizagirrek egin digute Bruñok gerra garaian bizi eta sufritu behar izan zuenaren kronika. 1926ko martxoaren 18an jaio zen Bruño Donostian. “Alde Zaharreko Pescaderia kalean” bizi zen, Bretxako azokan arraina saltzen lan egiten zuen ama errepublika zalearekin (gurasoak bananduak zituen) eta arreba Ana Marirekin. Egunerokotasuna erabat hautsi zitzaien 1936ko gerrarekin, Donostiatik joan beharrean aurkitu ziren. Eta halakorik gertatzea espero ez zuten arren, oharkabean familia bereiziko zuen lau urteko bidaia luzeari ekin zioten.
Gerra aurretik, Andresek eta bere familiak ezagunak zituen Aginagako Otamenditarrak, “Donostiara esnea edo barazkiak saltzera joaten ziren”, kontatu digu Maribelek. Harreman horretatik sortu zen, Andresen 8 urteko arreba Ana Mari, 1936ko udan, hasiera batean egun batzuetarako Aginagako Otamenditarren etxera joateko gonbita. Donostiatik irten beharrean aurkitu zirenean, Ana Mari Aginagan geratu zen. Andresek eta bere amak Getaria aldera jo zuten, Maribelen esanetan, “han amonak lehengusu bat zuelako”. Astebeteko tartean etxera itzultzea espero zuten, baina horretarako azkenean 4 urte igaro behar izan zuten. 1936ko uztaileko altxamendua gertatu eta tropa frankistak hurbiltzen joan ahala, Gipuzkoatik askok Bizkaia alderako bidea hartu zuten; tartean, Andres, ama, amaren anaia, emazte eta haurrarekin eta bidera batu zitzaien Getariako emakume bat. Denak antza, Andresen osabak zuen ibilgailuan. “Markina aldean Getariako emakumea mareatu” eta bidaiaren norabidea zeharo aldatuko zien gonbita jaso zuten.
Gernika-Lumoko emakume batena. “Nora zoazte?” galdetu zuen. “Egia esan ez dakigu, aurrera”, erantzun Andresek eta senideek. “Gure baserrian lekua egongo da, etorri, bertan hartuko zaituztegu”, esan omen zien gernikarrak. “Aitari malkoak ateratzen zitzaizkion pasarte hura kontatzean. Inondik ezagutu gabe, eskuzabaltasun horrekin etxean hartu zituzten ez lagun bat, bost baizik”.
Gernikan metrailatua
Uda amaierarako Gernika-Lumon ziren, eta han izan ziren 1937ko udaberrira arte. Urte hartako apirilaren 26a Gernikak, Euskal Herriak eta munduak ahaztu ez duen bonbardaketa pairatu zuen. Une haren lekuko zuzena izan zen Andres eta bere familia. “Arratsaldeko 15:00ak aldera izan zela kontatzen zigun. Ganaduarekin zebiltzala, bonbarderoak eta kazak agertu ziren. Kazak oso baxu metrailatu zieten. Pentsa, kazako pilotuen aurpegiak ere ikusi ahal izan omen zituzten. Hori oso gogoan zuen. Alpapa gainean lurrean botata, nola ikusten zuen. Amaia eta izeba zuhaitz baten azpian. Herriko apaiza ezkutatzeko erregutzen”, dio Maribelek. Maitanek aipatu digunez, “hil itxura egin zuen”. Eta horren ostean joan omen ziren. Bertan zirenak salbu irten ziren une latz hartatik.
Baserria antza Gernika-Lumo goialdean omen zen. Goialde hartatik, “bonba-jaurtitzaileak depositua betetzera nola joaten ziren eta berriz nola etorri eta bonbardatzen zuten” ikusi eta bizi behar izan zuten.
“Ni ama gabe inora ez”
Handik bi egunera Bilborako bidea hartu zuten. 11 urteko Andresen bizitzan une erabakiorra heldu zen. Bizkaiko hiriburuko portutik jendea salbatzeko hainbat ontzi ateratzen ziren nazioartera. Haietako bat, Errusiarantz, Mosku aldera joatekotan zen. Andres salbatzearren, Moskuko bapore hartara igotzea iradoki omen zion amak. “Ni ama gabe inora ez”, erantzun omen zion semeak. “Azkenean, Pauillac-era (Bordele ondora) zihoan Margot izeneko baporera igo ziren. Bordelen gero trenez Baionara. Lehen Mundu Gerra garaian ospitale militarra izandako eraikinean errefuxiatuentzako gunea antolatu omen zuten eta han egon omen ziren”, oroitzen dute Bruñoren senideek.
Han zirela, Andresen amari lan eskaintza bat suertatu eta Parisera joan beharrean aurkitu zen. Han zela eskatu zuen Andres bertara joatea. “Amak ordea lan egin behar zuenez, ezin semearekin egon eta bikote komunista bat arduratu zen bera zaintzeaz”. Militante sutsuak omen ziren. “Bikote horrekin ateratzen zen aitona, Espainiatik joandako errefuxiatuentzat dirua biltzera”, oroitu digu Maitanek.
Itzulera gogorra
Gerra batetik ihesi heldu ziren Pariseraino eta handik berriz ere atera beharrean aurkitu ziren 1940an, “tropa alemaniarrak sartu zirenean. Orduan, Donibane Lohitzunera jaitsi ziren, Donostiako portuko senideak bertan bizi baitziren”.
Lau urteko bidaia hartan, kontakizun honetatik at geratu da Andresen arreba Ana Mari, baina gerora Andresek Aginagarekin izandako loturan giltzarria izan zen. “Bitartean Andresen arreba hiruzpalau urte Aginagan, ezer jakin gabe. Senideak gehiago ez zirela etorriko pentsatzen”, oroitzen du Maitanek. “Aitak sarritan esaten zuen, gure arrebak gutaz ezer jakin gabe, zer pentsatuko ote zuen?”, dio Maribelek.
Donibane Lohitzunetik etxera itzultzea erabaki zuten, baina ez zorigaiztoko gertaerarik bizi gabe. “Muga pasa eta segituan osaba Juanito atxilotu zuten. Katalunia aldeko frontean ibilia zen gerra garaian, aita eta amona Parisen ziren artean. Mugan atxilotu eta Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrura eraman zuten, 3 urtez izan zuten preso bertan”. Lehenago, Andres eta ama Frantzian zirela, Andresen aita 1937an afusilatu omen zuten erreketeek Irungo fronte errepublikarrean.
“Ni ez naiz bueltatu nire etxera”
Lau urteko bidaia luze eta latzaren ostean “amona eta aita izeba Ana Mariren bila etorri ziren Aginagara. Hor geratu ziren”. Ezin izan zuten Donostiako etxera itzuli. “Etxe hartan sabaltu zen bakarra, bere aitonaren koadro bat izan zen”. Horregatik Andresek sarritan esaten omen zuen gerora, “ni ez naiz bueltatu nire etxera”. Halere, esker oneko oroitu zituen beti Andresek, bai Gernikako baserri hartako sendia, bai Aginagako Otamenditarrak. “Aginagan aurkitu zuen azkenean etxea, familia eta babes lekua”, adierazi digute bere senideek.
Iragana ahaztu gabe; Gernikarekin lotura estua izan zuen beti. Familiari transmititu zion; urte luzez izan dute Gernikara joateko ohitura. Familiak Andres eta bere emaztearen 50. urtemugako urrezko ezteiak ospatu zituztenean, sakon hunkitu zuen oparia jaso zuten omenduek; haien bizitza, tartean Andresek hil arte barruan zeramatzan Gernikako oroitzapenak biltzen zituen liburua. Familia osoak ditu liburu honen aleak, memoria historikoa bizirik mantendu dadin.
Andres Bruñoren omenez
Bilobek hileta elizkizunean irakurritako idatzia
Makiña bat aldiz esan diguzu aitatxo-aitatxi, 10 urterekin Donostiatik, zure etxetik, atera eta ez zarela inoiz itzuli. Izan ere, bide luzea egitea egokitu zitzaizun: Donostiatik Gernika-Lumora, handik Parisera eta itzulera Aginagara egin zenuen; eta hementxe aurkitu zenuen zure etxea, familia, babes-lekua.
Maitasuna izan duzu lelotzat, laguntasuna oinarritzat. Zinez, mila esker zugandik jaso dugun guztiagatik! Eta ze harro daramagun zure abizena, Xabier Leteren hitzak gogora ekarriz:
“Teilatuan elurra, herrian ekaitza
bihotzean azken agurraren beldurra…
Udazkeneko lehen hotza,
azken loraldi ezina, bizitzaren garrasia
heriotz egina”.
Eta aitatxo-aitatxi, gure bihotzean, oroimenean eta irribarrean zaude eta egongo zara, hementxe, gurekin, beti-betiko! Mila esker zuei denoi, adierazi diguzuen babesagatik.
Andresen omenez hileta elizkizunean abestutako bertsoak
Nola ote dan beti galdezka
egiten dugu ahalegina,
hobe genuke zentzutasunez
denok ariko bagina.
Maite zenuan lana
maite zenun herria,
zure benetako grina
ea noiz baten ikusten degun
zuk nahi zenduan Agiña.
Agiñatarrok izan zaitugu
gu guztion laguntzaile,
Andres guretzat izan zerade
benetako bakegile.
Zure bihotz onari
jarri guztiok adi,
ez gatoz gu salatzaile
guztion jauna izan dedila
zeru lurren salbatzaile.
Agiñan 2019ko urriak 7
Antton Pikabea Sarasola