10 urte betetzear den Mintzalagun, euskaltzale berrien bila

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 09:28

Euskara ahotan hartu eta erabiltzea, lagun artean, dakartzan abantailez gozatuz. Jende berria ezagutu, plan desberdinak egin... Hori eta gehiago eskaintzen du Usurbilen nahiz Euskal Herrian abian diren mintzapraktika egitasmoek. Usurbilgo Mintzalagun 10 urte betetzear da. 

Badira egitasmo honetan parte hartzen hasi eta gero, euskaltegian matrikulatu eta euskararen maila hobetu dutenak. Alderantzizko bidea egin dutenak baita; euskaltegian euskalduntzeko urratsak eman eta mintzapraktika proiektuan murgildu direnak badira. Beste txoko batetik Usurbila bizitzera etorri eta harreman sare berri bat izateko aukera izan dutenak baita. Eta mintzalagunetik lagun talde izatera igaro direnak.

Euskara ahotan hartu eta hizkuntza berean mintzatzea sustatzea xede duen Etumeta AEK euskaltegiak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! K.E.-k sustaturiko egitasmora bide ezberdinetatik heldu ohi dira parte hartzaileak, eta behin mintzapraktika saioetan hasita nork bere bidea jorratzen segitzen du gero.

Mintzapraktika saioek astean ordubeteko konpromisoa baino ez dute eskatzen; astean ordubete, bidelari (euskara ikasten ari direnak) eta bide-lagunak (euskara dakitenak) bildu eta taldeak erabakitako leku eta orduan, planak egin eta garrantzitsuena, euskaraz aritzea. Giro atseginean, lagun artean. Mintza taldeoz gain, badira familientzako mintza taldeak, Mintzodromoak, bideokonferentzia bidez euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duen mintzanet.eus ataria... Egitasmoaren leloak dioen moduan, “11 aukera euskaraz praktikatu eta bizitzeko”.

Mintzalagunek euskalduntze bidean direnen nahiz euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabiltzanen beharra du. Parte hartzeko gutxieneko euskara-maila eskatzen da. Parte hartzea doakoa da eta horren truke gainera, hamaika abantailez goza daiteke; emanaldietarako txartel, opari eta deskontu ezberdinez.

Asteroko bilkurez gain, mintzalagun guztien nahiz gainerako herritarren topagune bilakatzen diren herri mailako ekintzak antolatu ohi dituzte; azken urteotan Zumeta Arte Estudiora edota Txokoaldeko Txalaparta Txokora egin dituzten irteerak esaterako.

Mintzapraktika egitasmoak eskaintzen dituen aukeren gaineko xehetasunak eskaini zituzten sustatzaileek, urriaren 11n euskaltegiko egoitzan egin zuten aurkezpen bileran. Antolatzaileez gain, mintzapraktikan aritzen diren zenbait bidelagun bildu zituen hitzorduak.

10. urtemugaren atarian
Urtemuga berezi baten atarian da Usurbilgo Mintzalagun. 2020an 10 urte beteko ditu eta datorren udaberrian urtemuga festatxo bat egin asmo dute. Bitartean, mintzaprakatika egitasmoetan izena eman eta argibide gehiago jasotzeko bideok dituzue:

607 609 379 / 943 360 321
mintzalagun.blogspot.com
usurbil@aek.eus
Facebook: Mintzalagunak Gara