Usurbilek Euskaraldian izena eman du, bolondres sarea osatu nahi dute orain

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 09:27

2020ko Euskaraldirako izena emana du Usurbilek eta orain bai, ofizialki prestaketa lanak martxan dira. Jardunean dituzten lau lan taldeetarako bolondres sarea osatzen laguntzeko deia zabaldu dute, 

Estreinako edizio arrakastatsuaren ondotik, bigarrena, 2020ko Euskaraldia prestatzen hasia da, ekimena Usurbilen sustatzen ari den herritarren batzordea. Baina orain bai, ofizialki hurrengo urteko ediziora begira gaudela esan dezakegu. Aipatu batzordetik berri eman dutenez, Usurbilek 2020ko Euskaraldirako izena eman du jada!

Horrekin batera, lau lan talde osatu dituzte herritar batzorde honen baitan. Bakoitzak modu autonomoan funtzionatuko du, lan-dinamika eta bilera maiztasun propioarekin, nahiz gero noski, herri mailako batzordean bilduko diren. Batzorde orokorra “bi hilabetean behin biltzea aurreikusi dugu. Batzorde hori baliatuko dute lantaldeak elkarren berri izateko, eta bilera horietan hartuko dira guztioi eragingo dizkiguten erabakiak”. Bai batzordea bera eta lan taldeak irekiak izango dira. “Euskaraldia girotzeko, bolondresen sarea indartu nahi dugu. Lagunduiguzu ekimena herriratzen! Gustura hartuko zaitugu gure artean!”, luzatu dute gonbita.

Lan taldeotako bat, entitateekin lan egingo duena. Gogoan izan, herritarrez gain, bigarren edizioan entitateak ere parte hartzera gonbidatu nahi dira. “Herriko taldeek, eragileek, komertzioek, enpresek eta abarrek modu zuzenean parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, Ariguneak sortuz. Ariguneak entitateek babestutako euskaraz aritzeko espazioak dira, eta horien sorrerak taldeetako hizkuntza-ohiturak aldatzen lagunduko du”.

Horretarako, lan talde hau, “herriko entitateen mapa egin, lehentasunak jarri, entitateei Euskaraldia aurkeztu eta ekimena aurrera eramateko laguntza” eskaintzeaz arduratuko da, NOAUA!ri berri eman diotenez.

Euskaraldia herriratzen arituko da beste lan talde bat. Ekintzak antolatzen edota informazio mahaia kalean jartzen. Asteotan esaterako, abenduaren 3ko Euskararen Egunerako ekintzak prestatzeaz arduratuko da. Hirugarren lan talde batek komunikazio lana hartuko du bere gain; Euskaraldiko webgunea (usurbil.euskaraldia.eus) eta sare sozialak kudeatu, albisteak sortu, ekintzez eta Euskaraldiaz informatu…

Laugarren eta azken taldeak koordinazio lanak bideratuko ditu; kontu ekonomikoak, barne harremanen kudeaketa…

Datozen deialdiak
-Asteotan lan talde bakoitzak bere aldetik biltzen eta lanean segiko du.
-Batzorde orokorraren hurrengo bilera irekia, azaroaren 12an 17:00etan Potxoenean.
-Azaroan aurkeztuko da Euskaraldiaren lehen edizioak Usurbilen izandako eraginari buruz Udalaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak eginiko azterketaren emaitzak.
-Lan taldeetan izena emateko helbide honetako galdetegia bete: https://forms.gle/urLU7xxi26Jdc6RX7
-Argibide gehiagorako: usurbil@euskaraldia.eus