Erreferenduma delitua ez zela izan aldarrikatu eta elkartasuna adierazi dio Usurbilek Kataluniako herriari

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 18a, 12:54

Katalunian greba eguna duten ostiral honetan, eguerdian geldialdia egin dute eta Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-k deitutako elkarretaratze batean bildu dira udal ordezkari, langile eta hainbat herritar. 2017ko erreferenduma ez zela delitua izan aldarrikatu dute, preso politikoak aske uztea eskatu eta Kataluniako herriari elkartasuna adieraztearekin batera.

Eguerdian udaletxe aurrean egin duten elkarretaratzean, Usurbilgo EHBilduk eta EAJ-k adosturiko erakunde adierazpena plazaratu dute. Batetik, 2017ko urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazi diote, "herriari hitza ematea" delitua ez zela izan ziurtatzearekin batera. "Tresna demokratikoa eta zilegizkoa" izan zela diote, "Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea" gogoraraztearekin batera. Horrekin batera, Espainiako Auzitegi Gorenak aste hasieran 100 urteko espetxealdira zigortutako preso politikoak berehala askatu eta erbesteratu politikoen aurkako auzibideak etetea eskatu dute. Haiei, euren etxekoei, Kataluniako herri eta erakundeei elkartasuna adierazi diete. 

Kataluniako agintari eta gizarte eragileei egotzitako auzia eta ezarritako 100 urteko espetxealdia justifikaezintzat jotzen dute, Zuzenbidearen Estatua itxuragabetu eta espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean ezbaian jartzen duela.

Estatu espainiarraren erantzun bortitzak euskal herritarroi zuzenean eragiten digula ere azpimarratu dute, "herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du" eta. Horregatik, Udalak "Usurbilgo herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde".

Udaletxe aurrean bakarrik ez, Osinalde industriagunean ere elkarretaratzea egin dute, "erreferenduma ez da delitua. Askatasuna. Defenda dezagun gure erabakitzeko eskubidea" aldarripean, ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek deituta.



USURBILGO EHBILDUk ETA EAJ-k ADOSTURIKO ERAKUNDE ADIERAZPENA

  1. Usurbilgo Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

  2. Usurbilgo Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

  3. Usurbilgo Udalak nabarmentzen du Kataluniako ‘Procés’-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

  4. Usurbilgo Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

  5. Usurbilgo Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

  6. Usurbilgo Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Usurbilgo herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.