"Goizean hodeiak ugarituz joango dira. Arratsalde-gau partean giroa goibela izango da eta euria sarri eta ugari egingo du. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da" Usurbilen, Euskalmet meteorologia agentziak astearte honetarako (urriak 22) egin duen iragarpenean.
Badirudi bereziki astearte honetan, Gipuzkoa aldean sarriago egin dezakeela euria, "asteartean prezipitazioa ugariagoa eta sarriagoa izango da Gipuzkoako zenbait tokitan, bertan 20-40 l/m² pila daitezke". 24 orduan metro karratuko 60 litro baino gehiago 24 orduko tartean. Asteazkenean, "prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariagoa eta sarriagoa arratsalde-gau partean".
Asteazkenean gainera, 18:00etan hasi eta ostegun goizaldeko 6:00ak arte abisu horia izango da indarrean "prezipitazio handiagatik". Euskalmet-en arabera, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan ordu betean 20 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki mendebaldean".
Usurbilen asteazkenean, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du; iraunkorra eta oso ugaria izan daiteke. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean mendebal-osagaira aldatuko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin, bereziki gauean. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".
60-80 litro pila daitezke
Egoera honetan, abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak egunotarako; hasi astearte eguerdiko 12:00etan eta ostegun goizeko 9:00ak arte. Arreta izatea eskatu dute, zenbait tokitan prezipitazio asko eta iraunkorrak izan baitaitezke; 36-48 orduko tartean metro karratuko 60-80 litro pilatu daitezke.
"DANA" atmosferaren maila altuetako depresio isolatuak lehenik eta lur zaleko borraskak eragingo omen ditu egunotako euriteak.
EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urriak 22, asteartea
"Euri kontuak itzuliko dira. Eguna hotzetik hasi dugu eta behe-lainoa sortu da zenbait txokotan, baina goizean eguraldia lasai samarra izango da. Lehen euri-zaparradak goizean bota ditzakeen arren, leku gehienetan arratsaldera arte ateri eutsiko dio. Eguerditik aurrera berriz, ekialdetik fronte bat sartu eta euritara joko du, gainera euria barra-barra egingo du arratsaldean eta gauean. Haizeak iparraldera egingo du arratsaldean eta indartu egingo da. Tenperaturak apur bat egingo du behera eta hotzetik igaroko dugu eguna.".
Urriak 23, asteazkena
"Ezegonkortasunarekin jarraituko dugun arren, euriak, tarteka atseden emango digu, bereziki egunaren erdiko orduetan. Eguna bustitik hasiko dugu, baina goizak aurrera egiten duen heinean atertzera egingo du eta litekeena da ordu batzuetan eguraldi lasai samarra izatea, ateri eustea eta ostarte batzuk zabaltzea. Hala eta guztiz ere, arratsaldea igaro ahala, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, dezente zakartuko da haizea eta berriro ere euritara joko du. Gainera, egunaren amaieran zaparradak mardulak izan daitezke, euria gogotik egin dezake eta litro ugari pila daiteke, bereziki mendebaldean".
Urriak 24, osteguna
"Eguna bustitik hasiko dugun arren, arratsaldean atertzera egingo du. Egunaren lehen zatian euria oraindik barra-barra egingo du, bereziki kantauri isurialdean, baina batez ere mendebaldean. Eguerditik aurrera egoerak egonkortzera egingo du, hodei geruza ez da horren trinkoa izango da eta atertzeko joera hartuko du eguraldiak. Mendebaldeko haizeak zakar joko du, baina arratsaldean ahultzen joango da. Tenperaturak berdin jarraituko du".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus