Proba moduko esperientzia honek iaz egindako ikerlan batean du jatorria. 2018an Beterri-Buruntzako 40 sagardotegietan erabili eta berrerabiltzen diren beirazko botilen datuak bildu ziren. “Egindako azterketatik ondoriztatu zen, sagardo botilen berrerabilpena indartzeko aukera dagoela, ekonomia zirkularra aktibatuz” eskualde honetan.
Hain zuzen, guztira, eskualde honetan ekoizten diren 1.842.553 sagardo botilatik %78 berrerabiltzen dira; 401.673 botila guztira. Botila hauen berrerabilpena sustatuta, “botila bakoitzaren iraupena luzatu nahi da, erabilitako produktua berriz ere lehengaia bilakatzea lortu nahi da”. Eta eskualdean estrategikoa den industria indartu eta balorean jarri, “autosufizientzian oinarritutako sistema iraunkorragoa lortzeko, beira botilak gertuen dauden instalazio egokietan tratatzeko, hondakin kopurua jaitsi eta energia kontsumoa murrizteko eta garraioetako CO2 kopurua jaisteko”, Beterri-Buruntzako udalen esanetan. Horregatik funtsezkotzat jotzen dute udalerriok eta proiektuaren sustatzaileek “elkarlanean ingurumenean errespetatu eta zaintzeko lanean estrategia partekatuak izatea”. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak lagundu du diruz eta Gipuzkoako Sagardo Elkartea eta Euskal Sagardoaren baitako entitateak ditu sustatzaile, San Marko Mankomunitatearekin batera.
Bide zirkularra
San Markoren baitako garbiguneetan botilok jasotzea errazteko gune berezituak jarri dira. Sagardotegiez gain, herritarrek sagardo botilak “Garbiguneetara eraman eta berrerabilpen ziklo honetan ere parte hartzeko” aukera dute. Hortik proiektuaren izena; Sagarberritu. Erabilitako botilen kaxak Garbigunera eraman, handik garbiketa enpresara garbitzera eta gero berriro merkatura, hortxe egin dezaketen duten bidea, ekonomia zirkularrarekin filosofiarekin bat eginez.
Proiektu honen izaera soziala nabarmentzen dute, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek. Sagardo botilak biltzeak “lanpostu premia berriak sortu” baititu. Beharrok eskualdeko udalen lan hitzarmenetik jaiotako Beterri-Errotuz irabazi asmorik gabeko soziateatea ari da kudeatzen; “pertsonen orientazioa, formazioa eta laneratzea sustatzea du helburu”.
Proiektu honekin, aurrerantzean beirazko botilen berrerabilpenak merkatuan izango duen eragina erakutsiko da eta Beterri-Buruntzako udalen esanetan, esperientzia “bestelako ekimen eta testuinguru geografiko zein ekonomikoetan” sustatu nahi da, “dimentsio handiagoa hartzeko”.