Euriagatik abisu horian segiko dugu egun osoz

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 23a, 08:00

Prezipitazio iraunkorragatik abisu horian segiko dugu ostegun goizeko 9:00ak arte. Prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara bestalde, asteazken arratsaldeko 18:00etatik ostegun goizaldeko 6:00ak arte.

Abisu horian segiko dugu asteazken honetan "prezipitazio iraunkorragatik". "EAEko zenbait lekutan 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke. Asteazkenean prezipitazio txiki-ertaina egingo du, ugariagoa eta sarriagoa arratsalde-gau partean. Kantauri isurialdean 40-60 l/m² pila daitezke", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. 

Arratsaldeko 18:00etan gainera "prezipitazio handiagatik" abisu horia jarriko dute indarrean. "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan ordu betean 20 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki mendebaldean", Euskalmet-en iragarpenen arabera.

Egoera honetan, asteazkenean Usurbilen, "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du; iraunkorra eta oso ugaria izan daiteke. Eki-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean mendebal-osagaira aldatuko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin, bereziki gauean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ostegunean hobera
Gaurko abisu horien indarraldia ostegun goizera arte luzatuko da; "prezipitazio iraunkorragatik" ezarritakoa ostegun goizeko 9:00ak arte. "Prezipitazio handiagatik" ezarritakoa ostegun goizaldeko 6:00ak arte.

Ostegunean Usurbilen "zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da, arratsaldean eta gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Euri txiki-ertaina egingo du; goizaldean eta goizean goiz iraunkorra eta ugaria izan daiteke. Egunaren bigarren partean atertzera egingo du. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizaldean eta goizean goiz bolada gogor batzuekin; goizean indarra galduko du. Arratsaldean ipar-mendebala nagusituko da. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Urriak 23, asteazkena
"Giro iluna eta euritsua izango dugu. Goizean Nafarroan bereziki egingo du euria, baina arratsaldean euri-zaparrada mardulenak mendebaldean botako ditu, gainera baliteke egunaren bigarren zatian zaparradak trumoitsuak izatea. Haize ipar-mendebaldetik sartuko da, egunak aurrera egin ahala mendebaldera egingo du eta kostaldean indartu egingo da. Tenperaturak gora egingo duen arren, freskotik jarraituko du eta beroenak 15 ºC-koak izango dira. Gauzak horrela, unerik ezegonkorrenak arratsalde-gau partean eta mendebaldean emango dira".

Urriak 24, osteguna
"Eguna bustitik hasiko dugun arren, apurka-apurka egonkortzera egingo du. Goizaldean eta goizean goiz oraindik euria sarri egingo du, bereziki kantauri isurialdean eta batez ere mendebaldean, hau da, Bizkaia aldean. Orduak igaro ahala, eguraldiak atertzeko joera hartuko du eta litekeena da arratsaldean ostarte batzuk zabaltzea. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da kostaldean, baina poliki-poliki ahuldu egingo da eta hego-mendebaldera egingo du. Tenperaturak berdin jarraituko du".

Urriak 25, ostirala
"Ostiralak giro eguzkitsua eta epela ekarriko digu. Goizean goiz hodei hondarrak geratuko dira eta zenbait txokotan behe-lainoa sortuko da, baina goizak aurrera egiten duen heinean, oskarbitzera egingo du eta zeru urdinean eguzkia jaun eta jabe izango da. Haizeak hego ukitua izango du eta tenperatura dezente igoaraziko du, beroenak 20-22 ºC-koak izango dira".

Informazio eguneatua hemen: euskalmet.eus