Hasieraz onarturiko 2020ko ordenantza fiskalak, jendaurrean gaurtik

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 24a, 08:24

30 lanegunez izango dira jendaurrean, urriaren 17ko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran hasieraz onartu zituzten 2020ko ordenantza fiskalak. 

Azken urteon ildotik, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) aplikatuta eguneratuko ditu Usurbilgo Udalak, 2020ko zerga ordenantzak. Hala erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, urriaren 17an egin zuten ezohiko osoko bilkuran. EHBilduk alde bozkatu zuen, EAJ eta PSE abstenitu ziren. KPIaren aplikazioa urte berrirako ordenantza fiskalak eguneratzeko baliatuko den irizpide orokorra izango bada ere, badira azken plenoan zehaztu zituzten zenbait salbuespen, gizarte eta kirol zerbitzuetan esaterako, udal sail hauetako proposamena hartu da kontuan.

Udalbatzak hasieraz onartutako erabakia 30 lanegunez jendaurrean jarriko da udal idazkaritzan. Asteazken honetako (urriak 24) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak zekarren erabakiaren berri. Ostegun honetatik, urriaren 24tik aurrera aipatu moduan, 30 laneguneko epea izango dute interesdunek alegazioak aurkezteko. "Jendaurreko informazio epea erreklamazio edo iradokizunik gabe igaroko balitz, erabakiak behin betikoak joko dira akordio berriak har­tzen ibili gabe", ohartarazi du Usurbilgo Udalak.               

2018ko Kontu Orokorra betiko onartua
Hasieraz onartu ostean, epea zabaldu eta inork alegaziorik aurkeztu ez ostean, behin betiko onartu zuen udalbatzak iazko Kontu Orokorra hilaren 17ko ezohiko osoko bilkuran. Alde bozkatu zuen EHBilduk. EAJ eta PSE abstenitu ziren.

2019ko aurrekontuaren exekuzioa
Indarrean den araudiak agindu moduan, aurrekontuaren exekuzio espedientearen berri eman behar zaio hiruhilero Gipuzkoako Foru Aldundiari eta udalbatzari. Hala egin zuten urriaren 17ko ezohiko osoko bilkuran.