Bizi asko dator azaroaren lehena, Artisau Azoka, giza proba eta sukaldaritza txapelketarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 24a, 10:36

Joandakoak oroitzeko azaroaren lehena bizi-bizi dator aurtengoan. Goizez Aitzaga Elkarteak antolaturiko 24. Artisau Azoka izango dugu. Arratsaldez, 1991n Usurbilen izandako saiakeraren marka hautsi nahi duen giza proba eta herriko adineko elkarteek antolaturiko sukaldaritza txapelketa iragarri dira.

24. Artisau Azoka
Bertako nahiz Euskal Herriko hamarnaka artisauen bilgune izan ohi den 24. Artisau Azoka antolatu du Aitzaga Elkarteak azaroaren lehenerako. Goiz eta eguerdi partean zehar, postuetatik osteratxoa egin eta erosketak egiteko aukera izango da, talogileen postuan hamaiketako goxoa dastatzearekin batera. Postuen artean ez da herriko ordezkaritzarik faltako.

Giza proba
Egun pasa borobila antolatu digute aurtengoan. Goizean Aitzaga Elkarteak artisau azoka, eta bazkalostean giza proba Usurbil Herri Kirol Taldeak. Plazan dagoen 1.800 kiloko "Ur-epel" harriarekin lehiatuko dira Bizkaiko hiru talde: Txorierri, Lasuen eta Leioa. 1991n Bizkaiko eta Gipuzkoako 7 talde (usurbildarrez osaturikoa tartean) egindako saiakeraren marka hausten ahaleginduko dira. Orduko hartan, gernikarrak nagusitu ziren,;  4 plaza, 2 zinta eta 65 zentimetrorekin. Oraingoan aipatu hiru taldeotako bakoitzak marka hori ontzeko duela 18 urte bezala 30 minutu izango ditu azaroaren 1eko giza proban. Talde bakoitza hiru kideez osatuko da. Asteotan noiznahi ikusiko dituzue Dema plazan entrenatzen.

Sukaldaritza txapelketa
Eta giza proba ikusita, askari ederra dastatu baino plan hobeagorik ez da izango ziur. Adi, Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adineko elkarteek herri mailako sukaldaritza txapelketa antolatu dute azaroaren 1erako. Giza proba ospatu artean, legatza saltsan prestatzen ariko dira. Lehiakideak herriko gastronomia elkarteetako adinekoak izango dira, epaimahaiko kideak baita. Giza proba amaitzen denean, txapelketako kideek prestaturiko pintxoak dastatu ahalko ditugu, Lumagorridun Txokoaldeko Lartzandietako oilasko erredun zizka-mizkekin eta edariarekin batera. Orduan ospatuko da baita sari banaketa. Txapelduna, 2020. urtean Gipuzkoa mailan ospatuko den lehiarako sailkatuko da. 

Arratsaldeko hitzorduei lotutako ohar bat; giza proba ikusteko txartelak egunean bertan eskuratu ahalko dira Sutegiko mahaian. Pintxoen dastaketarako txartelak aldiz, giza proba ospatzen ari den artean salduko dira.

Bus-taxia
Ekitaldi guztion artean, bat baino gehiago izango da azaroaren lehenean hilerrira gerturatu nahiko duena. Usurbilgo Udalak bus-taxi zerbitzu bereziak iragarri ditu, 10:00-14:00 artean San Inazioko errotondatik hilerrira joan eta handik itzultzeko. 8 zerbitzu guztira orduotan:
-San Inazioko biribilgunetik hilerrirantz: 10:00; 10:30; 11:00; 11:30; 12:00; 12:30; 13:00 eta 13:30ean.
-Hilerritik herrira: 10:15; 10:45; 11:15; 11:45; 12:15; 12:45; 13:15 eta 13:45ean.

AZAROAK 1, OSTIRALA
10:00-14:00
Hilerrira joan eta etortzeko Usurbilgo Udalaren bus-taxi zerbitzu bereziak San Inazioko errotondatik.

11:00
24. Artisautza Azoka frontoian.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.

17:00 Giza proba Dema plazan, Usurbilgo 1.800 kiloko “Ur-Epel” harriarekin. Parte hartzaileak: Txorierri, Lasuen eta Leioa talde bizkaitarrak. Ekitaldirako sarrerak 5 eurotan egunean bertan Suegiko mahaian salgai.
Antolatzailea: Usurbilgo Herri Kirol Taldea.
Babesleak: Usurbilgo Udala, Urbil, Saizar eta Alkartasuna Kooperatiba.

Bitartean, 
Usurbilgo sukaldari lehiaketako pintxoen prestaketa eta dastaketarako txartelen salmenta giza proban.
Giza probaren ostean, sukaldaritza lehiaketako pintxo eta edari dastaketa.
Antolatzaileak: Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adinekoen elkarteak.