Xua Gurasoekin Etxera

Xua, Olatz, Patxi eta gainerako euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 07:22

Urriko azken ostirala gaur (urriak 25); euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko eguna. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, elkarretaratzea egingo da iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan. 

Elkarretaratze amaieran, Patxi Uranga zoriontzeko urtebetetze argazkia aterako da frontoi atzean. Gogoan izan, Patxi, Olatz Lasagabaster eta haien haur Xua Usurbildik 600 kilometrora urrunduak daudela, Valentziako Picassenteko espetxean. Xuak 3 urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an eta une horretan, gurasoengandik urrunduko dute. Gurasoek, Olatzek eta Patxik, espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituzte eta aspaldi behar zuten Xuarekin batera kalean. 

Ekainean jendaurrean aurkeztu zen "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak horretan dihardu, Xua gurasoengandik bereizi ez eta hirurak batera etxeratzeko lanean. Hainbat ekimen iragarri dituzte udazken parte honetarako. Haietako bi abian dituzte; batetik, Usurbil, Orio eta Zarauzko artistek abestia sortu dute. Bestetik, herri ekimenak plazaraturiko manifesturako sinadurak biltzen ari dira. 

Dagoeneko ia 1.600 sinadura bildu dituzte. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue esteka honetan klikatuta: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera

Manifestua babesteko arrazoi anitz aipatu dituzte hainbat sinatzaileek aipatu web orrialdean idatzi dituzten iruzkinetan; “etxean egon behar dutelako”, injustiziatzat jo edota eskubide urraketa dela ohartarazten baitute. “Beraien eskubideak dira, bai Xuarena gurasoekin bizitzeko, bai gurasoena hiru laurdenak bete dituztelako”, dio sinatzaile batek. Beste baten esanetan, “irakasle naizen ikuspuntutik, ezinbestekoa da. Ume batek bere gurasoen beharra du, hain oinarrizkoak diren lehenengo urteetan”.

MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.

Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.

Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!

"XUA GURASOEKIN ETXERA" ABESTIA

Pardela eta kartzela
Sehaska eta arraska
Pijama txiki urdinak
Jantzita ditu sorginak
Zergatik daramatzate
Panpinek esku burdinak?
 
Patioan kulunpioan
Parkean eta katean
Soka saltoan ari da
Gurasoak begira
Zergatik etorri behar du
Bakarrik Euskal Herrira?
 
Han utzita gurasoak
Etxera zatoz xua
Zabalik zabalik besoak
Hartzazu gure musua