Libutegiaren Astea umoretsu amaitzeko, Idoia Torregarairen saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 07:44

Liburutegiaren Nazioarteko Egunaren bueltan Sutegik antolaturiko ekimen astea, Idoia Torregaraik borobilduko du gaur (urriak 25) 18:30etan liburutegian eskainiko duen “Jar ezazu Liburuzain bat zure bizitzan” emanaldiarekin.

“Espresuki umore pieza bat prestatu du liburutegiarentzat”, iragarri dute Sutegitik. Aurrerapentxo bat egin digute. “Idoia liburutegiko erabiltzaile eta defendatzaile sutsua da. Oso irakurzalea da. Askotan txantxetan nere kabezerako liburuzainak deitzen gaitu. Hortik abiatuta pieza bat egingo du. Interaktiboa izango da, gu ere parte hartzen jarriko gaitu”, dio Iguaranek.

Hitzordu honekin amaituko dira Liburutegiaren Asteko ekimenak. Xabier Olasok abiatu zuen ekimen astea, hitzekin jolas egitea helburu zuen haurrei zuzenduriko "Tximeletak airera" emanaldiarekin. Ugaitz Agirrek "Tximeletak bizkarrean" bere estreinako eleberria aurkeztu zuen Yolanda Arrietak zuzenduriko emanaldian. Juan Kruz Igerabidek hartu zion lekukoa atzo, gaztetxo mordoa batu zuen "Abezedario titirijario" emanaldian. Eta gaur, Idoia Torregarairen txanda.

LIBURUTEGIAREN ASTEKO AZKEN HITZORDUA
Eguna: urriak 25, ostirala.
Ordua:
18:30.
Tokia: Sutegi udal liburutegia.
Zehaztasunak: "Idoia Torregarai usurbildar umoregileak, espresuki Sutegi Liburutegirako prestaturiko umore-pieza bat eskainiko digu; saioa interaktiboa izango da, eta Liburutegiko erabiltzaile izan edo ez, gazte(txo) zein heldu...dibertimendua ziurtatuta dago! Eta lasai, emanaldiak 45 minutu iraungo ditu, beraz, ostiral iluntzeko poteorako libre izango zarete".
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.