Iraila amaieran itzuli ziren plazara Usurbilgo Euskal Kantu Taldeko kideak. Kantu giroz blaitu zuten Usurbil erdigunea irailaren 28an. Aurreko denboraldietan bezala, hileroko ohiturari eutsiko diote ikasturte berri honetan ere. Urriko azken larunbatarekin batera itzuliko dira plazara Kantu Taldekoak; hilaren 26an izango da, 12:30etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. Bertaratu nahi duzuenok ez ahaztu kantu-liburuxka eramateaz.
Kantu Taldekoak astelehenero bezala gaur (urriak 21) bilduko dira Agerialdeko musika gelan, 18:00-19:00 artean.
Harria Hitz, Koldo Almandozekin
Idoia Torregaraik aurkeztu eta Joseba Larratxe eta Antton Olariaga marrazkilariek girotu zuten irailaren 28ko Harria Hitz bisita gidatuaren ondotik, larunbat honetarako zegoen iragarria hurrengo hitzordua. Honako hau ere berezitasunekin; eguerdi partean herriko kultur altxorretan barrena osteratxoa egitekoa zen eta arratsaldez, "Argazpitutuluak" tailerra Koldo Almandozekin. Iaz gure artean izan genuen zinemagile donostiarra, urtebete lehenago, 2017ko udazkenean inguruotan grabatu zuten "Oreina" filma aurkezten.
Oraingoan ordea tailer baten eskutik itzultzekoa zen Almandoz Usurbila. Gunerik zikindu gabe, "herria begi berriekin deskubritzeko aukera emango du, herriko elementu ezberdinei azpitituluak jartzen arituko baikara".
Azkenean ordea, izen emate nahikorik ez eta bertan behera geratu da biharko bisita gidatua.