Presoen urruntzea ahalbidetu eta mendekuan oinarrituriko 30 urteotako sakabanaketa politikaren amaieraren alde lan egingo dutela adierazi dute. "Presoentzat ez ezik, beraien ingurune hurbilarentzat sufrimendua, eta ondorio larriak, dakartza, heriotza barne", gogorarazi dute. Horrez gain, isolamendu eta bakartze egoerak, gaixotasun larriak edo 70 urtetik gora izan edota zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteak dituztenen kaleratzearen alde ere lan egingo du Usurbilgo Sare taldeak.
Bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena sustatzen duten salbuespen neurriak eta "espetxean egoteak ahalbidetzen dituen eskubide urraketei amaiera ematea bilatzen dugu". Besteak beste honako hauek: guraso eta haurren eskubideak bermatzea, presoaren intimitatea babestuz harremanak eta komunikazioa gauzatzea, euskaraz mintzatu, komunikatu eta ikasteko eskubidea errespetatzea, ikasketak inolako trabarik gabe gauzatzeko eskubidea izatea, eta emakume presoen kasuan, emakume izate hutsagatik ematen diren urraketak amaitzea".
Aurrerantzean antolatzekoak dituzten ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. "Esandakoarekin bat egiten duen norbanako oro izango gara Sare herritar honetako puntu eta lagun".
Herritarrek izango dute protagonismoa. "Pertsona bakoitza sarearen puntu bat izanik, bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akademikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edota auzoan. Eta elkarren artean lotuko gaituena, aipatu dugun lan komuna izango da; euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren giza eskubideen jabe izatea".
Manifestazio nazionala urtarrilaren 11n
Urte hasierarekin batera Sarek presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu ohi du Bilbon. 2020koa urtarrilaren 11rako finkatu dute, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da La Casillatik, "Orain Presoak. Atera bidera" aldarripean.
"Orain presoak zozketa"
Sarek eginiko zozketako zenbaki sarituak honako hauek dituzue:
1. saria: 078.364. Greziar irletara kruzeroa.
2. saria: 036.523, Estambulera bidaia.
3. sarasa: 037.797. 2 pertsonentzako afaria Lizeaga Sagardotegian.
Informazio gehiago: sare.eus