Xua Gurasoekin Etxera

Mozioak aurkeztuko ditu "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak Orioko eta Usurbilgo Udaletan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 20:46

Usurbilgoa, urriaren 31ko osoko bilkuran aurkeztuko dute. Udalbatza aretora joateko deia egin dute gaur, Mikel Laboa plazan egin den hileroko azken ostiraleko elkarretaratzean. 

Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen dute Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoek eta haien haur Xuak. Aspaldi aske behar zuten arren. Horretan dabil "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena, hirurak etxeratzeko lanean. Gogoan izan, egoera aldatzen ez bada, urtarrilean Xuak hiru urte betetzean gurasoengandik bereiziko dute.

Horren aurrean, dinamika ezberdinak abiarazi ditu, Usurbil, Orio eta Zarauzko herritarrek osaturiko "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak. Tartean, dagoeneko ia 1.600 sinadura bildu dituen manifestua kaleratua dute. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue esteka honetan klikatuta: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera

"Xuak 3 urte betetzean bakarrik etorri ez dadin"
Horrekin batera, Usurbil, Orio eta Zarauzko artista talde batek abestia sortu dute baita. Eta udazken honetan ekimen gehiago bideratuko dituzte. Hilero moduan, urriko azken ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan euskal presoen eskubideen alde egin duten elkarretaratzean iragarri dutenez, mozio bana aurkeztuko dute Orio eta Usurbilgo Udaletan. Usurbilgoa urriaren 31n egingo den osoko bilkuran, "Xuak hiru urte beteko dituenean bakarrik etorri ez dadin eskaerarekin bat egin dezatela galdegiteko" udal ordezkariei. 

Osoko bilkurara bertara joateko deia egin dute. "Garrantzitsua da islatzea jada ehunka herritar ere atxiki direla. Horregatik dei egiten dizuegu udal-plenora agertzera, esan bezala, ostegunean arratsaldeko 18:00etan". 

Honez gain, herri ekimenak manifesturako sinadurak bildu eta arropa saltzeko mahaia jarriko du azaroan zehar herrian egingo diren hainbat ekitaldietan. Ekimen gehiago bideratzekoak dira aurrerago.

MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.

Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.

Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!

"XUA GURASOEKIN ETXERA" ABESTIA

Pardela eta kartzela
Sehaska eta arraska
Pijama txiki urdinak
Jantzita ditu sorginak
Zergatik daramatzate
Panpinek esku burdinak?
 
Patioan kulunpioan
Parkean eta katean
Soka saltoan ari da
Gurasoak begira
Zergatik etorri behar du
Bakarrik Euskal Herrira?
 
Han utzita gurasoak
Etxera zatoz xua
Zabalik zabalik besoak
Hartzazu gure musua