Bitan goraino bete dute Sutegi, Joseba Tapiaren disko berriaren zuzeneko grabaketa saioek

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 25a, 20:39

Sutegi bueltan askotan ikusten ez den zaletuen ilara eragin dute Joseba Tapia eta talde kideek ostiral gau honetan Sutegin zuzenean grabatzen ari diren diskoko bi kontzertuek. Kultur etxeko aretoa bitan goraino bete dute.

Iaz Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinaturiko "Vint anys" emanaldirako osaturiko taldearekin etorri da Joseba Tapia Usurbilgo kultur etxera. Kideokin: Iñar Sastre (pianoa), Nerea Erbiti (perkusioa, ahotsa), Iker Uriarte (jazpana), Iñigo Telletxea (baxu elektrikoa), Ion Celestino (tronpeta), Asier Ituarte (tronboia), Ibon Irijoa (saxofoia), Leire Berasaluze (ahotsa) eta Kristina Aranzabe (ahotsa).

Hemen duzue gaurko kontzertu bikoitzaren harira Joseba Tapiak duela aste gutxi NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketa:

Joseba Tapia: “Zuzeneko grabazioak beste grazia bat izaten du”
1998an ekin zion bakarkako ibilbideari. 20. urteurrenean, jaialdi gogoangarria eskaini zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Ospakizunak jarraipena izango du Sutegin. Urriaren 25ean zuzeneko diskoa grabatuko du bertan. Bi emanaldi iragarri ditu. Deialdiak jakinmina piztu duenez, badaezpada, sarrera aldez aurretik eskuratzea komeni.

NOAUA! Apoaren edertasuna diskoarekin bakarkako ibilbideari ekin zenion 1998. urtean. 20. urteurrenean, talde berri batekin igo zinen Victoria Eugenia Antzokiko oholtza gainera. Sutegin eskainiko duzun emanaldia ere ildo berekoa izango al da?
Joseba Tapia. Talde eta proiektu berri bat aurkeztu eta grabatuko dut Sutegin. Victoria Eugenian abiatu zen baina geroztik aldaketa asko izan ditu bai musikarietan, bai moldaketetan. Errepertorioa ere ezberdin antolatu dut. Hogei urteko ibilbide diskogra koa egin ondoren etorri da kezka eta gogo hau, herri musikarekiko kezka bat. Eta honenbestez nire zortzigarren diskoa izango da Joseba Tapiaren izenean aurkeztuko dudana. Hasi Tapia eta Leturia garaitik eta bakarkakoetan egindako konposizioekin osatua egongo dena. Sorpresa taldeak berak emango du, eta moldaketek.

Urteurrenek atzera begiratzeko aukera eskaintzen dute. Dena den, zurea ez da nostalgia ariketa huts bat izango, ezta? Inoiz barkaka grabatutakoak talde baten laguntzaz plazaratuko dituzu. Zein neurritaraino eraldatu behar izan dituzu kantak?
Ez dut lehengo formularik errepikatu nahi izan. Kantuek bizi berri bat hartzen dute beste norbaiten ahotsean jartzen badituzu, adibidez. Eta horrela bertsio berri horrek bultzada ematen dio zure kantuari. Nire kasuan nik neuk egin diot, eta egin izan diot aldaera berria nire buruari ere. Adibidez Tapia eta Leturiarekin grabatu genuen Maitatzen zaitudalako kantua. Trikitixa kantu bat, tarteko pasarte musikaletan berrikuntza zekarrena, testuan bezainbat. Beranduago Tapia eta Leturia Band-en, geronek egin genion erabat beste muturreko aldaera. Gero zein izango den gustukoen, entzulearen belarriaren araberakoa izango da. Baina bitartean sormenean eta lanean jarraitu dugu.

Bakarkako ibilbidearen ospakizun kolektibo honetan, zeintzuk izango dira alboan izango dituzun musikariak?
Tronpetan Jon Celestino, saxoarekin Ibon Irixoa, tronboiarekin Asier Ituarte. Koroetan: Leire Berasaluze, Kristina Aranzabal eta Nerea Erbiti. Teklatuetan Jexux Aranburu “Txus”, baxu elektrikoan Iñigo Telletxea eta jazpanarekin Iker Uriarte.

“Esan liteke zuzeneko talde bat garela”
NOAUA! Zuzeneko disko bat grabatuko duzu Sutegin. Zein neurritan baldintzatuko du kontzertuaren errituala?
Joseba Tapia. Nik uste dut tentsio gehiago egoten dela zuzenekoa grabatzen ari garela jakinik. Jendeak estropezua gehiago sentitzen du. Beharbada guk geuk baino gehiago. Zerbait historikoa gertatzen ari delako sentsazioa izaten da. Bestalde, zuzenekoak izaten du, estudiokoarekin konparatuta, beste grazia bat, nahiz eta soinua hain borobila ez izan. Batzuk freskotasuna deitzen diote horri eta horregatik maite dituzte gehiago zuzenekoak. Beste batzuetan kontrakoa gertatzen da. Gure diskoak ez dira teknologia eta pregrabatu askokoak izaten. Tranpa gutxikoak, alegia. Esan liteke zuzeneko talde bat garela eta komunikazioa akustikoan lortzen dugunez, jendeak eskertuko duela ziur naiz.

“Lan egin beharko dugu jendearen egarria pizteko, baina ziur gaude lortuko duguna”
NOAUA! Zuzeneko diskoa grabatzeko bi saio eskainiko dituzu Sutegin. Durangoko Azokarako plazaratzeko asmoa al duzu? Eta zein euskarritan?
Joseba Tapia. Oraindik ez dugu CD-a ez den beste euskarri fisikorik aurkitu behar besteko pisurik duenik. Biniloa ere hortxe dago baina oraindik oso bitxizaleentzat egina dela esango nuke. CD-a ere halatsu dela esango duzue, baina gure sorkuntzak aurkezteko behar dugu zerbait. Gehienek Spotify-n entzungo dute seguruen oso praktikoa delako eta ia musika denak bertan daudelako. Guk ere han jartzen ditugu gure musikak nahiz eta hortik oso diru gutxi etortzen zaigun bueltan.

Urteurrena balantzea egiteko garai egokia izan ohi da. Iaztik hona emanaldi batzuk eskaini dituzue talde bezala. Gehiago ere badituzue begibistan. Grabazioa eta gero jarraipenik izango al du formatu honek?
Oraindik arrankean gaude eta euskaraz ari garen talde gehienoi bezala guri ere garai batean baino askoz gehiago kostatzen zaigu eskaparatean egotea, eta beraz, lan egin beharko dugu jendearen egarria pizteko. Baina ziur gaude lortuko duguna... Ameslaria ni! Hurrengo diskoan pentsatzen ari naiz eta jarraipena izango duela ziur. Ez nago amore emateko.

Iaz, herri musika aldarrikatu zenuen hedabideen aurrean. Folklorikotzat edota etnikotzat hartzen dela musika popularra. Dena den, herritarren kezken bozgorailu izan eta badira herri kantak, jakintzaren transmisore, garaian garaiko gertaeren lekuko... Eta gaurko kontu asko ulertzeko ere, ispilu egokiak izan daitezke, ezta?
Kantu berriek beren garaiko munduari edo gizarteari kantatzen diote eta gurean ere horrela da. Termometroa izaten da zer nolako mundutan bizi garen adierazten duena. Lehen hala zen eta gaur ere berdin. Hala ere nire oraingo proiektua kezka batetik sortu da; musika popularraren norabidea ikusirik zerbait egi
teko gogoa eta beharra sortu zitzaidan.

Gure gazte garaian hala zen, baina orain askoz ere agresiboago sentitzen dut musika komertzialaren eragina. Hor testuaren eta formaren baldarkeria eta zabarkeriak atentzioa ematen du; erdarazko edo latino musiketan emakumearen gorputz eta sexu esplizitoaren apologia eta erabilera patriarkalak markatzen du ildoa. Eta pixkanaka gure festa giroko errepertorioa aldatuz doa. Erreferentzia bat utzi nahi genuen, ahalegin bat gure kantutegirako.

Ibilbide oparoa osatu duzu bakarka. Tapia eta Leturiarekin eginikoa baino luzeagoa. Dena den, beti izango da Leturiarekin zenuen “duoaz” galdezka hurbilduko zaizunik. Zein neurritan da nekagarri? Zein neurritan da eder
Atzera begirakoa gazi-gozoa izaten da gehienontzat, gaur egun beste modu batera egingo genituzkeelako seguruen egindako hautaketak. Baina hori ez dago aldatzerik eta ez dago jakiterik asmatuko genukeen ordukoa aldatuz. Baina bestetik, oso sentsazio eta gogorapen onak ere baditut garai haietakoak. Nolanahi, burutazio hauetan ez dut denbora askorik galtzen. Lanean eta ikasten dihardut eta ez daukat denborarik nostalgiarako. Hori zahartzen naizenerako utzia daukat.