"Xua Gurasoekin Etxera" mozioa bozkatuko du udalbatzak, osteguneko osoko bilkuran

Urriko azken ostiraleko elkarretaratzean iragarri zuten moduan, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren mozioa aurkeztu eta bozkatuko du udalbatzak, ostegunean (urriak 31) egingo duen osoko bilkuran. Herri ekimeneko kideek pleno aretora joateko deia egin dute.

Ate joka dugu urriko udalbatzaren osoko ohiko bilkura, ezohikoa izan zen azken saiotik bi astera deitu du Udalak, ostegun arratsaldeko 18:00etarako. Besteak beste, 2019ko 3. hiruhilekoaren aurrekontu eta finantza egoeraren berri emango dute, edota 2020. urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzekoak dira. Etorkizunean Elkar eta Gureak lantegiak kokatuko diren Zapategi eremuari lotutako erabaki berri bat ere bozkatuko du udalbatzak.

Eta mozio bat; "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenarena. Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak segitzen dute Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoek eta haien haur Xuak. Aspaldi aske behar zuten arren. Horretan dabil "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena, hirurak etxeratzeko lanean. Gogoan izan, egoera aldatzen ez bada, urtarrilean Xuak hiru urte betetzean gurasoengandik bereiziko dute. Horren aurrean, dinamika ezberdinak abiarazi ditu, Usurbil, Orio eta Zarauzko herritarrek osaturiko "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak. 

Besteak beste, mozio bana aurkeztuko dute Orio eta Usurbilgo Udaletan. Usurbilgoa urriaren 31n egingo den osoko bilkuran, "Xuak hiru urte beteko dituenean bakarrik etorri ez dadin eskaerarekin bat egin dezatela galdegiteko" udal ordezkariei. Osoko bilkurara bertara joateko deia egin dute. "Garrantzitsua da islatzea jada ehunka herritar ere atxiki direla. Horregatik dei egiten dizuegu udal-plenora agertzera, esan bezala, ostegunean arratsaldeko 18:00etan". 

Ia 1.600 sinadura
Honez gain, herri ekimenak manifesturako sinadurak biltzen ari da. Dagoeneko ia 1.600 sinadura bildu dituen manifestua kaleratua dute. Sinadura, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideek kalean jarriko duten mahaian eman ahalko da, edo noiznahi, Internet bidez sinatu ahal duzue esteka honetan klikatuta: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera

Arropa saltzeko mahaia jarriko du azaroan zehar herrian egingo diren hainbat ekitaldietan. Ekimen gehiago bideratzekoak dira aurrerago.

Udalbatzaren osoko bilkura
Eguna: urriak 31, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai zerrenda:
1.- 2019/09/26ko ohiko bilkurako aktaren onespena.
2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2019ko irailaren 23tik urriaren 18ra (2019/0809-2019/0891).
3.- 2019ko 3. hiruhilekoaren aurrekontu eta finantza egoeraren berri ematea.
4.- Pikaola zatia urbanizatzeko konpremisu kreditua.
5.- 2020 urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak.
6.- Fermindegi herri-bideko (22. herri-bidea) lehen 125 metroko zatia, errepidea eta Fermindegi baserriaren arteko zatia, udal jabari publikotik desafektatzea.
7.- HAAStako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala (03 aldaketa). Hasierako onespenari tartekatutako alegazioa erantzutea eta aldaketa behin behingoz onartzea.
8.- Mozioa: Xua gurasoekin etxera.
9.- Galdera-eskaerak.