[Kulturaldia] "Agur Etxebeste" filmaren Usurbilgo estreinaldia azaroaren 17an

Donostiako Zinemaldian estreinaturiko filma Sutegira dator NOAUA!ren Kulturaldiaren eskutik. Azaroaren 17an proiektatuko dugu.

Aurretik euskal film gehiagorekin egin dugun moduan, oraingoan ere gonbidatu bereziekin eskainiko dugu "Agur Etxebeste". Filmeko zuzendarietako bat, Asier Altuna eta aktore protagonistetako bat, Ramon Agirre Sutegira etorriko dira azaroaren 17an filmaren gaineko xehetasunen berri eman eta bertaratzeko asmoa duzuenon jakinmina asetzera.

Asier Altunarekin (Bergara, Gipuzkoa. 1969)  batera Telmo Esnalek (Zarautz. Gipuzkoa, 1967)  zuzendu du "Agur Etxebeste". Biek 2005ean grabatu zuten "Aupa Etxebeste" filmaren segida duzue honako hau. Orduko aktoreekin ekoiztu dute bigarren zatia ere; Elena Irureta, Ramon Agirre, Pako Sagarzazu eta Iban Garaterekin.

Komedia kutsuko film honetan, "Patrizio Etxebestek (Ramon Agirre) alkatetza utzi beharko du osasun-arazoak direla eta. Gutxik dakite benetako zergatia, ordea: inguruko herrietan argitara atera diren ustelkeria-eskandaluek pentsarazi diote hurrena bera eror daitekeela. Eta nor hobe bera ordezkatzeko eta kontrolari eusteko, Maria Luisa (Elena Irureta) emaztea baino. Baina guztia ez da lehen bezain erraza izango. Emakume loreontziak apaingarri hutsa izatea baztertuko du, eta ekinean hasiko da. Gizon kontrolatzaileak ez du kontrolatzen berak uste edo nahi beste, eta egokitu beharko du, aurrera egin. Krisi orok tirabirak eta arazoak dakartza, familiakoa, politikoa nahiz soziala izan. Baina aldaketak eta abagune handiak ere sortzen ditu. Aupa Etxebeste! (2005) filmaren sekuela".

NOAUA!ren Kulturaldia: "Agur Etxebeste" filmaren proiekzioa
Eguna: azaroak 17, igandea.
Ordua: 19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: "Maria Luisa (Elena Irureta) herriko lehen emakumezko alkatea da. Maria Luisak oso serio helduko dio lan berriari eta udaletxeko funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin (Ramon Agirre) duen harremana eta etxeko giroa hankaz gora jarriz".
Sarrera: 6€ (Aldez aurretik Bordatxon, Txirristran, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 4€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.

Filmaren fitxa
Zuzendariak: Asier Altuna, Telmo Esnal.
Gidoia: Asier Altuna, Telmo Esnal, Nagore Aranburu.
Antzezleak: Elena Irureta, Ramon Agirre, Paco Sagarzazu, Iban Garate.
Ekoiztetxea: Irusoin / Etxebeste Film / Kilima Media / La Fidèle Production
Iraupena: 100 minutu.
Generoa: komedia.
Urtea: 2019.
Informazio gehiago: aguretxebeste.com