[Kulturaldia] Ugaitz Agirrek "Non dago Amaia?" poesia errezitaldia eskainiko digu

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 12:04

Usurbilgo sorkuntzak eta sortzaileek tarte berezia izan ohi dute urtez urte NOAUA!ren Kulturaldian. Ugaitz Agirre izango dugu aurtengo gonbidatua; "Non dago Amaia?" poesia errezitaldia eskainiko du azaroaren 15ean.

Ostiral iluntze horretan, afalaurretik Sutegiko auditoriora jaitsi eta poesia errezitaldi ederraz gozatzeko aukera izango dugu NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan. Ugaitz Agirre sortzaileak prestatu duen emanaldiaz hain zuzen.

Gogoan izan, joan den asteko Liburutegiaren Astean bere estreinako eleberri "Tximeletak bizkarrean" aurketu zuen Ugaitzek Sutegin. Iaz Susa argitaletxearekin argitaraturiko sortze lana irakurri ez baduzue hemen aurrerapentxo bat:  "Sara Historia irakaslea da Florentziako unibertsitatean. Ikasturteko lehenengo egunean istripu txiki bat izango du, iraganeko ezbehar bat gogora ekarriko diona. Ahizpak deituko dio egun berean, eta aitari azken bisita egitera itzuliko da jaioterrira. Baina gaztaroko mamuekin egingo du topo han. Sarak urteetan gorde du Kataluniatik ihes egiteko erabakiaren arrazoia, baina nobela autobiografikoa idaztea erabaki duenez, bere bizitzaren puzzlea osatzen hasiko da pixkanaka. Ugaitz Agirrek iraganaren zama, genero harremanak, identitatea ditu kontagai bere aurreneko nobelan".


NOAUA!ren Kulturaldia: Ugaitz Agirreren poesia errezitaldia
Eguna: azaroak 15, ostirala.
Ordua:
19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Bazinen behin, eta izatera iritsi zara inora. Amaia nor den ere ba ote dakizu? Haur ipuin bat zelakoan, ezkutaketan jolastera ausartu zinen geografia noraino iristen zenaren arrasto zipitzik izan gabe. Orain esperantzara kondenatua eta jakin gabe nabigazioak Itakara itzuliko zaituen ala ez".
Sarrera: doan.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.