[Kulturaldia] Huntzako abeslari Josune Arakistainekin solasaldia

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 10:42

Huntza, ate joka dugun NOAUA!ren Kulturaldiko gonbidatuetako bat izango dugu. Taldeko abeslari Josune Arakistain datorkigu azaroaren 12an Sutegira, solasean aritu eta abestera.

Inguruokin loturarik badu taldeak. Duela bi negu kontzertua eskaini zuten Usurbilgo plazan. Eta 2018an sortu zuten abestietako baten "Lasai, lasai" izenekoaren bideoklipa Zubietako hipodromoan grabatu zuten.

Orain, abiatzear dugun NOAUA!ren Kulturaldiaren eskutik, Huntza talde ezaguneko abeslari Josune Arakistain datorkigu azaroaren 12an Sutegira. Idoia Torregaraik bideratuko duen elkarrizketan, bere nahiz Huntza taldearen ibilbideaz ariko zaigu. Taldeak izan duen arrakastaren gakoez. Euskarak bere bizitzan duen garrantziaz. Abestera ere animatuko zaigu, eta ikus-entzuleon galderak erantzuteko tartea ere izango da.

"Lasturkoa da Josune Arakistain Salas, trikitilari eta ahotsa. Ibilbide oparoa izan du trikitixaren munduan, 2013 eta 2014ko Euskal Herriko Trikitilari Gazteen txapelketak irabazteaz gain, plazarik plaza ibili izan baita urte askotan", huntza.eus atarian irakurri ahal izan dugunez.

NOAUA!ren Kulturaldia: Huntza taldeko kide Josune Arakistainekin solasean
Eguna: azaroak 12, asteartea.
Ordua:
19:30.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Tertulia honetan Josune Arakistain abeslaria hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Huntza taldearen arrakastarako gakoak, bere musika ibilbideko xehetasunak eta euskarak bere bizitzan eta lanean duen garrantzia ere azalduko dizkigu. Eta noski, kanta batzuk abestera ere gonbidatuko dugu!".
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.