[Kulturaldia] "Izaki Gardenak" kontzertuan, NOAUA!ren zikloa musikatuko digute

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 29a, 09:56

Bidean datorkigun NOAUA!ren Kulturaldia musikatuko digu aurtengoan, "Izaki Gardenak" taldeak. Azaroaren 10ean Sutegin, besteak beste, iaz argitaraturiko "Dena oskol" laneko abestiak entzun ahalko ditugu eskainiko diguten zuzeneko emanaldian.

Izaki Gardenak 2012. urtean Jon Basagurenen bakarkako abestiak janzteko sorturiko taldea da. Urte bereko irailean Iñaki Llarenaren estudioan bost abesti grabatu zituzten, gerora Oihuka disketxeak argitaratutako "Itsasargiak" disko laburrean agertu zirenak.

2013ko udan Donostiako Elkar estudioetan sartu ziren, "Amaieratik hasi" haien aurreneko lan luzea grabatzeko Victor Sanchezen gidaritzapean. Urte bereko urrian argitaratu zen disko hau. 2015eko udan "Aurri gara" grabatu zuten, hau ere Victor Sanchezekin Elkar estudioetan. Disko honek kritika bikainak jaso zituen, Mondo Sonoro aldizkariak estatuko americana/folk disko onena izendatu zuelarik. Kontzertu bira zabal baten ondoren atseden hartu zuten 2017ko martxoan. Urte eta erdiren ondoren taldea bueltan da. "Dena oskol" izeneko disko berria 2018ko azaroan argitaratu zen eta 2019 urtean zehar zuzeneko aurkezpenean buru-belarri ari dira.

NOAUA!ren Kulturaldia: Izaki Gardenak taldearen kontzertua
Eguna: azaroak 10, igandea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sarrera: 10€ (aldez aurretik Bordatxon, Txirristran, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan). Noaua!ko bazkideek 8€tan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.  
Antolatzailea: NOAUA! K.E.