"Zuek bezalako odol emaileei esker bizi dira asko"

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 11:30

Eskualdeko odol emaileek urteko jai handia ospatu zuten igandean Urnietako Oianumen. Dominak eta ikurrak banatu ziren urtean zehar kopuru jakin batera iritsi diren emaileen artean.

Usurbilgo odol emaileen delegaritzari egokitu zaio ekitaldia antolatzea aurten. Orbeldi Dantza Taldekoen emanaldiarekin hasi zen festa. Agurtzane Solaberrieta alkateak hitza hartu zuen ondoren. Odol emaile guztiei eskerrak emanez eta aitortza eginez ekin zion hitzaldiari: “Eskerrak zuei, hainbeste emateagatik. Zuek bezalako odol emaileengatik bizi baitira asko, edo bizi gaitezke asko. Izan ere, nork daki gutako bakoitzak zer patu daukagun, edo nolakoa izango dugun biharko eguna. Nik oso gustukoa dut Eduardo Galeano idazle uruguaiarraren honako esaldi hau: "jende txiki asko, leku txikietan, gauza txikiak eginez mundua alda dezakete". Nirekin daraman lelo horietakoa da, nire bizi jardun eta bizi politikoa zipriztintzen duen filosofia eta praxia. Zuek, odol emaileek, horixe bera egiten duzue. Seguru nago, mundu honetan ez dagoela hau baino ekintza solidarioagorik, eta gainera, eraginkorragorik. Irakurri dudanez, odol emate bakoitza, hiru bizitza gehiago dira”.

Hitz horiek entzunda, ekitaldiaren muinera jo zuten: esker oneko dominak eta ikur berezien banaketa, odol emate kopuru jakin batera iritsi diren odol emaileen artean. Banaketa amaituta, tradiziozko familia-argazkia atera, eta bazkaritara joan ziren ekitaldira gerturatu ziren odol emaile guztiak.

Bideoaren egilea: Xabier Lasa.