Batukada feminista ikastaroa abiatzear: "Borroka feministari ekarpena egiten diogu, eta borroka feministak guri"

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 11:50

Azaroaren 5era arteko epea dute interesdunek Ahalduntze Eskolak antolaturiko batukada feminista ikastaroan doan izen emateko. Udal Parekidetasun Sailean, 943 377 110 telefono zenbakian edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidean bideratu ahalko da izen ematea. Usurbilgo bizilagunek lehentasuna izango dute. Saioak asteazken hauetan, 17:00-19:00 artean izango dira Harane futbol zelaiko Kalezar 38A lokalean: azaroaren 6an eta 20an, abenduaren 4an, urtarrilaren 15ean eta 29an, otsailaren 12an eta 26an, martxoaren 25ean, apirilaren 22an eta maiatzaren 6an eta 20an. 

Batukada feministan izen emateko azken egunak ditugu; azaroaren 5ean amaituko da izen ematea. Joan zen urteko arrakasta ikusita, aurtengo ikasturtea hasteko gogotsu dira antolatzaileak. Ainara Sarasketa irakaslearekin izan da NOAUA! ikasturte berrirako dituzten asmoen berri izateko.

NOAUA! Batukada feminista ikastaroa eman zenuten aurreko ikasturtean ere, eta emakume askok eman zuten izena. Oraingorako ere halako aurreikuspena egin duzue?
Ainara Sarasketa:
Ez daukat izen emateen gaineko berririk momentuz. Espektatiba altuak dauzkagu jarrita horretan, aurreko ikasturtean jende dezente kanpoan geratu baitzen. Gogo horiekin jarraitzen badute eta aurreko ikasturtean eginiko jarduerak ikusi badituzte, nik uste dut gogoak areagotu egingo zirela. Zentzu horretan jende askok izena emango duela iruditzen zait.

Edonork har dezake parte? Adina edo generoak garrantzia du?
Jabekuntza eskolaren barne proiektua izanik, emakumeei zuzentzen zaie. Adin aldetik, aurrekoan nahiko gaztetxoak izan ziren parte hartzaileak. Normalean 18 edo 16 urtetik gorako emakumeekin egiten dugu lan eta hortik aurrera mugarik ez dago. 90 urteko emakume batek ere parte har lezake hala nahi izango balu. 70 urteko emakume dezente dauzkagu herri ezberdinetan banatuta. Guztira bost baino gehiago direla esango nuke. Adin hori dela kontuan hartuta askotxo dira. 60tik gorakoak ere asko dira, bai eta 50 urtetik gorakoak ere. Adinaren kontua ez dadila aitzakia izan ez parte hartzeko. Askok muga hori jartzen diote beraien buruari, zaharregiak direla eta. Inoiz ez da berandu musikan hasteko.

Zein da ikastaroaren helburua?
Zortzigarren urtea dugu proiektu honetan eta helburu ugari ditugu. Helburu orokor bat litzateke emakumeak brarentzat denbora izatea, zereginetatik kanpo. Disfrutatu, ongi pasa, lagunak egin eta talde-lanean zerbait sortzeko tartea izateko. Horrek ahalduntze prozesu bat sortzen du.

Guk dinamika batzuk lantzen ditugu ahalduntzea eta feminismoa lantzeko. Sozialki kaleak hartzea, indar erakustaldiak kanpora ateratzea eta lotsarik gabe gure gaitasuna erakustea litzateke beste helburu bat.

Borroka feministari ekarpen zuzena egiten dio orduan.
Bai, noski. Borroka feministari ekarpena egiten diogu, eta borroka feministak guri. Erabat erlazionatuta dago. Borroka hori eta bere irakaskuntzak erabiltzen ditugu ikastaroan bertan, dinamika batzuk egiteko talde mailan, eta maila pertsonalean. Egiten ari garenak lotura zuzena du feminismoaren borrokarekin, kalera ateratzen gara eta askotan manifestazio giro horretan: martxoak 8, azaroak 25, ekainak 28... Horrelako egun garrantzitsuetan. Gure aletxoa jartzen dugu orduan.

“Polita da ikastaroa kaleko saio batekin amaitzea”
NOAUA! Pare bat erakustaldi egin dira batukada feministarenak azken hilabete hauetan, bata Usurbilgo jaietan eta bestea Santuenekoetan. Halakoak egingo dituzue aurrerago?
Ainara Sarasketa: Beti ikastaro bat egin eta gero helburuetako bat izaten da kalera ateratzea. Taldearen lanketaren arabe
ra eta egoeraren arabera erabakitzen dugu. Ez dugu inor behartzen, kalera ateratzea ez da betebehar bat. Prest gaudenean egiteko zerbait da. Egoera baldin bada lanketa gehiagoren beharra dagoela, hori kontuan hartuko genuke. Normalean, ehuneko handi batean gogoa izaten dute parte hartzaileek eta polita izaten da kurtso amaieran ikastaroa kale saio batekin amaitzea.

Harrera oso ona izan zenuten bai Usurbilgo jaietako erakustaldian, bai eta Santuenekoan ere.
Bai izugarria. Gure ikasleek lanketa handia egin zuten emanaldi horietarako. Gainera, zinegotziari horrelako omenaldi bat ere egin zioten, bengalak, bertsoak, jantziak, dantzak... Kale ikuskizun hori beraien gauza propio bat izan zen. Batukada hor zegoen, baina kale emanaldi bezala ederra izan zen. Festetan eta kontzertuen ondoren izan zen gainera; oso polita benetan.