Adinekoen ohitura osasuntsuetan tipi-tapa

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 11:42

Adinekoen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko hainbat egitasmo daude abian Gipuzkoan; Usurbilen "Goazen kalera" izenekoa. Ekimenon gaineko ikerketa egin du Osakidetzak proiektu hauetako erabiltzaile, bolondres eta eragileekin elkarlanean. Berriki Artzabalen aurkeztu zuten.

Asteazken goizero 11:00etatik aurrera adineko hainbat herritar ikusiko dituzue herrian barrena osteratxoa egiten. Usurbilgo Udalak sustatzen duen “Goazen kalera” egitasmoko parte hartzaileak dira. Adineko eta dibersitate funtzionalak dituzten herritarren bizi kalitatea hobetu eta ohitura osasuntsuak sustatzea duen egitasmoak hiru urteko bidea jorratu du jada herri honetan.

Usurbilen bezala antzeko ekimenak martxan dira baita Gipuzkoa luze zabalean. Egitasmook herrialdean 900 bat lagun mugiarazten ditu astero. Haientzat “Ttipi-ttapa” izeneko programa orokor honek dituen onurak aztertu, zertan den hausnartu eta etorkizunerako hobekuntza proposamenak biltzeko ikerketa bideratu du Eusko Jaurlaritzak, Tolosa eta Goierri eskualdean arreta jarrita. Eskualde horretan kokatua dute baita Usurbil. Esperientzion gainean Osakidetzak eginiko azterlaneko emaitzak aurkeztu zituzten urriaren 16an Artzabalen. Hirugarren ikasturtea abiatu berri duen Usurbilgo “Goazen kalera” ekimena ospatzen zen asteazken goizean hain zuzen. Ekimeneko hainbat partaide bildu zituen, osasun publikoko ordezkariek aurkeztu eta Udalak antolaturiko ekitaldira, haietako batek baino gehiagok ikerketa honetan parte hartu baitu gainera.

Azterlana bi bideotatik landu dute; batetik, 13 herrietako 464 lagunek bete duten inkesta bateko datuak jaso dituzte. Horrekin batera, 9 partaide talde elkarrizketatu dituzte. Taldeotako bat usurbildarrek osatu zuten. 

Egitasmoaren giza dimentsioa, hobekien baloratuena
Ikerketaren datuak eskutan, erabiltzaileen asebetetze maila 10eko puntuazio baten baitan, 9tik gorakoa dela ondorioztatu dute. Egin zaizkien galdera guztien erantzunen puntuazioa zortzitik gorakoa. Egitasmoari puntuazio altuena eman diotenak, emakumeak, alargunak eta adin altuena duten pertsonak dira. Aipatzeko modukoa den beste datu bat, bizi ohitura osasuntsuak sustatzea helburu duen egitasmo hau helburu baino bitarteko gisa baliatzen dute erabiltzaileek. Osasunerako dakarzkien onurez gain, isolamendu eta bakardadea hautsi eta jendearekin egon eta lagun berriak ezagutzea puntuazio altuagoarekin baloratu dute ariketa fisikoa egitea baino.

Datuok erabiltzaileek betetako inkestetatik jaso dituzte osasun publikoko ordezkariek. Baina aipatu moduan, talde elkarrizketak ere egin dituzte, egitasmo hauen parte hartzaile, laguntzaile lanetan jarduten duen bolondres eta erakunde sustatzaileen artean. Guztiongandik iritzi komunak jaso dituztela aipatzen zuten Artzabalgo joan den asteko aurkezpenean.

Ikerlaneko erantzunetan osasunaren giza dimentsioak duen garrantzia agerian utzi dutela nabarmentzen dute; ariketa fisikoa egiteaz gain, etxetik kalera atera, aspaldi ikusi gabeko lagunekin egon, auzo ezberdinetako bizilagunak harremandu, lagun berriak ezagutu, ondo pasatzea. Egitasmo hau gauzatzea ahalbidetzen laguntzen duten bolondresek lagundu eta laguntzean erabilgarri sentitzea ere oso positiboki baloratu den beste alderdi bat izan da.

Programa hauen barne antolakuntza ere aztertu dute. Ikerlanak agerian utzi du, udalerri bakoitzak bere modura egokitu duela “Ttipi-ttapa”. Ekimenok izan duten jarraikortasuna nabarmendu dute. Egitasmoon biziraupenean, eragile eta bolondres ezberdinen parte hartzea ezinbestekoa izan dela aipatu zuten; herri guztietan egon direla pertsona gakoak antolaketa lanak bideratzeko. Elkarlan sare bat sortu da eta horrek berak egitasmoa indartu du.

Elkarlana eta ekintzen sustapena, etorkizunera begira
Azterlan honek etorkizunera begira jarri du egitasmoa bera. Autokritikarako bidea zabaldu nahi izan dute ikerlan honen bidez, hobetzeko egon daitezkeen proposamenak bildu. Esaterako, zergatik eta zertarako sustatzen segi behar den egitasmoa, egun parte hartzen ez duten lagunek zergatik ez duten bat egiten ekimenokin, nola ikusten duten partaideek beren burua egitasmoan eta dinamika hau kanpotik nola antzematen den.

Ondorioetan positiboki baloratzen da programa orohar, baita erakunde eta bolondresen arteko elkarlana. Helburuak egokitzea aholkagarritzat jotzen dute, eta ekintzak antolatzea parte hartea sustatu eta jarraipena bermatzeko.