Kalteak Andatzan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 16:54

Andatzan ikusi duen kaltea iruditan bildu eta helarazi dio NOAUA!ri Xingola sare sozialetako erabiltzaileak.

"Hau egin duenak ez dauka izenik. Andatza mendian (Usurbil) zenbait tokitan ezin dute motoak eta autoak ibili baina badirudi horrek baten bati mina egiten diola...", adierazi du Xingolak sare sozialen bidez. Andatzan ikusitakoa irudiotan bildu du.

Ez da Andatza aldetik jaso izan dugun gisa honetako lehen kexua. Segidan duela urtetebe bildu genuen lekukotza:



2018ko urrian argitaratua
“Gu ezin gara aziendarekin hala bizi”
Mendia guztiona den heinean guztioi dagokigu behar bezala zaintzea. Badirudi ordea hau ez dela guztiz erreala Andatza aldean. Ondo dakite hori Igartzazabal baserrikoek. Ardi zaintzan urteak daramatzate, eta ez dira gaurkoak baten batzuen mendiko ibilerekin izan dituzten arazoak.

Igartzazabalera igotzeko azken aldapa hasieran, oso argi dioen Usurbilgo Udalaren kartel bat irakur dezakegu: “Txakurra kontrolpean eraman, artaldeak inguruan” ohartarazten du. Aurretik izan dituzten arazoen seinalea dugu. Egun, seinaleok etxe atarian eta Puela aldean jarriak egon arren, nabari dute kasu handiegirik egiten ez dioten bisitarien joan etorriak. Halere, “denetan txarrena, txakurrak askan bainatzea” dela, adierazi dio NOAUA!ri Igartzazabaleko Santos Jauregik. Hainbatek ohitura hau hartu duela dio.

Lehenago, duela urte batzuk motor zaletuekin izan zituzten arazoak. Artaldean hainbat arazo pairatu behar izan zituzten, tartean, “ume hilak botatzen hainbat ardi”. Halere, NOAUA! bidez, lerrootan jakinarazi nahi duen moduan, une honetan badu bestelako kezkarik. Ardiak dituzten lur eremuko itxiturekin gertatzen ari zaiena esaterako. Iaz, urte garai honetan hasi ziren arazoak. Norbaitek “ateak ireki eta ardi denek alde egin zuten. Data jakin batean etxera etortzen dira eta orduko hartan hala egin zuten, nahiko zorte ona izan genuen”.

Itxiturak, baimenduak soilik igarotzeko
Aurten ordea egoera korapildu zaie. Berriki, Andatzako buelta egiten duen herritar batek jakinarazi zion Santosi “langa irekia zegoela eta ardiak kanpora aterata”. Jauregik aldizkari honi azaldu dionez, “argiak gurutze azpian izaten dira. Itxitura bat egina dute. Hiru apartamendu ditugu, eta bi astero ardiak lekuz aldatuz ibiltzen gara”.

Iaz oroitzen duenez, “atakak ireki, ardi denak atera” direla jakinarazi zion zaintzaleak, ardiak zeuden ingurunetik erretiratzeko eskatzearekin batera. “Joan eta sartu genituen ardiak. Orduan beheko itxiturari ere kandaduak jartzen hasi nintzen”.

Lur eremu honetako goi aldetik pasatzen denak, ez zuen itxita izan, orain arte. “Orain gertatu dena da, babeslekutik behera bizikleta zaleren batek jaisterakoan atea ireki eta itxi gabe joan dela. Ardiak atera egin dira”. Esker oneko agertu da gertatu zenaren berri eman zion herritarrari. Ezin esan gauza bera, gertakari hau eragin zuenari.

Ardiak etxera ekarri zituen. Biharamunean, “kandaduak kentzera joan nintzen. Kandadu bat kendu nuen, bestea jota txikitua eta botea zegoen”. Hau egin zuena ez dakite nor den Igartzazabalen, baina argi dio Santosek, “gu ezin gara aziendarekin hala bizi. Itxitura dagoen lekutik ez du inork zertan pasa beharrik, baimendutakoek bakarrik”. Halere pasatzen direnei, “gutxienek errespetatzea nahi dut, ez dut besterik nahi”. Artaldea bertan ez duenean, kendu egiten du kandadua.

Ez luke eremu hura ixterik nahi, eta pasabidea galarazi, “hemen bizi behar baitugu denok”. Argi dio, bizikleta zaletuak eta Andatzara doazenak estimatzen ditu, “jende oso ona da”. Hainbatetan berri emaile lanak egiten dizkie gainera. “Txirrindulari eta lasterkari zaletuekin harremana badut eta esaten didate ardiren bat gaizki ote dagoen edo hilda. Horiek denak abixu onak dira guretzat. Ez dut ezeren kexarik baina bat edo bi badira..”. Ez daki nor edo nortzuk diren, “nik ez dut ikusi zeinek egin duen. Baina gu ezin gara aziendarekin hala bizi”.

“Batengatik denek ordaindu behar?”
Ziur da, “bakarren bat izango da, baina batengatik denek ordaindu behar dute? Hala ezin gara ibili”. Gertaturikoaren inguruko partea emana dute. “Neurriak hartu beharrak daude hor. Zeinek hartu behar dituen? Aurrena, bertan dabilenak behar luke, pasatzerakoan itxitura ireki eta gero pasatzen denean itxi”.

Andatza denona dela argi utzi arren, gogoraratzen du, “itxitura horiek guretzat eginak daude. Azienda neure lur sailean izan behar dut. Guk hor eskubideak ditugu aziendarekin ibiltzeko. Baina ezin da azienda tartean ibili”.