Hurrengo odol ematea, datorren astelehenean

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 30a, 10:44

Usurbilgo odol emaileen elkarteak deitutako hurrengo odol ematea, astelehenean, azaroaren 4an 18:00-20:30 artean anbulatorioan.

Guztiok bizitzeko behar dugun odola emateko hurrengo hitzordua, azaroaren 4rako finkatua du Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Bi hilean behin egiten duen deialdia datorren astelehenean honenbestez, ohi bezala, 18:00-20:30 artean anbulatorioan. Bestalde, Usurbilgo odol emaileek ohi bezala, abenduaren 8an ospatuko dute haien eguna bazkari baten bueltan.

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiago:
donantes2punto.eus
943 31 70 91

Gripearen aurkako txertoa
Martxan da gripearen aurkako txertoa jartzeko kanpaina. Ohi bezala, bereziki 65 urtetik gorakoei, haurdun egon edo gaixotasun kronikoak dituztenei zuzendua dago kanpaina. Osasun langileek txertoa hartzea ere aholkatzen dute. 400.000 dositik gora ditu eta 1,4 milioi euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak egitasmo honetara, iaz baino %16 gehiago. 

Jaurlaritzaren datuen arabera, "iaz 1.662 pertsona ospitaleratu zirela, eta, haietatik, 435 larri egon ziren. Gainera, 79 pertsona hil ziren". Osasun Sailetik gogorarazten dutenez, “txertoa hartzea gaur egun dugun prebentzio-neurri seguruena eta eraginkorrena da”. Gripearen transmisioa saihesteko berrikuntza gisa, iragarri dutenez maskarak izango dira ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan eta etengabeko arreta guneen itxarongeletan. Anbulatorioetan aurrerago jarriko dituzte eskuragarri. Informazio gehiago anbulatorioan.