[Azaroak 1] Usurbil, artisauen topagunea

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 31a, 08:34

Aitzaga Elkarteak antolaturiko 24. Artisau Azokako postuetan barrena osteratxoa eta erosketak egiteko aukera ederra azaroaren 1ean frontoian, hamaiketako ederra dastatzearekin batera.

Joandakoak oroitarazteko eguna, inoiz baino biziago dator aurten, goizean goizetik. Arratsaldeko sukaldaritza lehiaketa eta giza probaren aurretik, Artisau Azoka ospatuko da ostiralean frontoian. 24. edizio honetan ere herriko nahiz inguruetako artisauak bilduko ditu frontoian Aitzaga Elkarteak; bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, zeramika, otarregintza, metalgintza... Hamarnaka postu, osteratxoa egin nahiz erosketak egiteko. Ostiraleko Artisau Azokan ndarberritzeko ohi bezala, hamaiketako goxoa, auzolanean jardungo duten herriko talogile taldearen eskutik. Guztia, azaroaren 1ean goizeko 11:00etan hasita frontoian.

Usurbilgo ordezkaritza
Frontoian ospatuko den azokan herritarrak aurkituko ditugu; Zorione Mendez tartean. Iaz bezala, bigarrenez datorren Artisau Azokan postua jarriko du baita bere sortze lanekin. “Marrak” izeneko bere marrazki bilduma ikusgai izan du berriki Lasarte-Orian.

Orbeldi D.T. laguntzeko aukera izango da baita beste postuetako batean. Dantza taldearen kamisetak eta poltsak eta prestatu duten 2020ko egutegia ere salgai izango dute. "Ibai Arrietarekin osatu dugu egutegia; Orbeldiko kamisetarekin herriko txoko askotan atera ditugu argazkiak", adierazi dio Orbeldiko kide Eli Eizagirrek aste honetako aldizkarirako eskaini duen elkarrizketan.

Artisau Azokan soilik ez, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan, azaroaren 8an Sutegin eskainiko duten emanaldiaren aurretik ere postua jarriko du Orbeldik. Postua jarrita, produktuok salgai soilik jarri ez, "gure helburu nagusia, dauzkagun arropak erakustea da. Jostunek lan handia egiten dute josten eta aberastasun hori jendaurrean erakutsi nahiko genuke".

24. ARTISAU AZOKA
Eguna: azaroak 1, ostirala.
Ordua: 11:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Xehetasunak: denetariko artisauen postuak eta hamaiketako goxoa dastatzeko aukera.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.