“Saiakera hura handia izan zen, egin ziren markak ere bai”, Usurbil Herri Kirol Taldearen esanetan. Orduko hartan, txapeldun amaitu zuten gernikarrek 4 plaza eta bi zinta egin zituzten.
Asteotan azaroaren 1eko desafioa prestatzen aritu dira hiru talde bizkaitarrak: Txorierri, Lasuen eta Leioa. Noiznahi ikusi ditugu entrenatzen, astetarte iluntze edota asteburu goizetan baita. Ikusmina sortzen dute. “Etortzen da jendea plazara ikustera, saiakeran ari direla jakiten dutenean”, Usurbil Herri Kirol Taldetik adierazi digutenez.
Bizkaitarren ahotan plaza maitea dute Usurbilgoa. Baditu berezi egiten dituen ezaugarriak: “luzeeran 12 zinta ditu, 30 metro. Giza proba frontoi aldeko lehen zintatik hasten da. Horrek esan nahi du lehen plaza osatzeko 33,80 metro egin beharko dituztela”, Usurbilgo Herri Kirolen Taldetik gogorarazi dutenez. Hala dio, desafio honi begira, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioarekin eguneratu duten araudiak. “Lehengo araudian hutsuneak zeudela ikusten zen eta horiek eguneratu ditugu, gauzak gero plazan ez nahasteko”, antolatzaileek ohartarazi dutenez.
"Ur-epel" harriarekin
Dema plazan dagoen 1.800 kiloko “Ur-epel” izeneko harriarekin lehiatuko dira hiru talde bizkaitarrak. Talde bakoitza emakumezko eta bi gizonezko tiratzaileek osatuko dute, eta haiekin izango dira botilero eta erloju zain bana. Aipatu moduan, harriari bultza ez 1991ko saiakeran bezala, tira egin beharko diote. “Harriari aurpegia emanda tira egiten diozu, eta bultzaka atzetik doanak. Maiatzean egin genuen giza proba hartan sei lagun ziren, baina lau tiraka bi bultzaka. Kasu honetan denek tira egin behar dute”, argitu dute antolatzaileek.
Talde bakoitzaren saioa 30 minutu ingurukoa izango da. Lehiakideen parte hartzearen hurrenkera zozketa bidez erabakiko dute. Froga Euskal Joko eta Kirolen Gipuzkoako Federazioak kudeatuko du. “Froga eremu barruan botileroa egon daiteke eta erloju zaina nahi izanez gero bazterrean. Botileroak froga hasten den unetik amaitu arte ezingo du armazoia ukitu, matxuraren kasuan eta epaileak hala aginduta ez bada”, dio araudi eguneratuak. Bestalde, lehiakideren bat lesionatu edo mina hartzen badu, “ezingo da ordezkorik sartu. Min hartutako kirolariak ateratzeko aukera izango du”.
Hortxe araudia, lehiakideak lanean jada eta plaza prest. “Deialdia Usurbili eta Gipuzkoa osoari. Azaroaren 1ean plazara gerturatzeko bi arrazoi handi izango dira: 1.800 kiloko “Ur-epel” harria mugitzen, astintzen ikustea eta ondoren pintxo jan ederra izango da frontoian”.
1991ko saiakera
Ordu erdiko saioan parte hartzaileen emaitzak:
1-Gernika: 4 plaza, 2 zinta eta 65 zentimetro.
2- Mendata: 3 plaza, 2 zinta eta 20 zentimetro.
3-Bilbo: 3 plaza, zintarik ez eta 184 zentimetro.
4-Muxika-Gaztelu: 2 plaza, 9 zinta eta 0 zentimetro.
5-Lezo: 2 plaza, 5 zinta eta 32 zentimetro.
6-Iturrita: 2 plaza, 3 zinta eta 2,46 zentimetro.
7-Bordatxo: plaza bat, 9 zinta eta 45 zentimetro. Tiratzaileak: Pedro Alkorta, Joakin Agirre eta Joxe Ramon Arteaga. Laguntzailea: Julian Bengoetxea.
Azaroak 1, ostirala
11:00 24. Artisautza Azoka frontoian.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.
17:00 Giza proba dema plazan Usurbilgo 1.800 kiloko “Ur-Epel” harriarekin. Parte hartzaileak: Txorierri, Lasuen eta Leioa talde bizkaitarrak. Ekitaldirako sarrerak 5 eurotan egunean bertan Suegiko mahaian salgai.
Antolatzailea: Usurbilgo Herri Kirol Taldea.
Babesleak: Usurbilgo Udala, Urbil, Saizar eta Alkartasuna Kooperatiba.
Bitartean,Usurbilgo sukaldari lehiaketako pintxoen prestaketa eta dastaketarako txartelen salmenta giza proban.
Giza probaren ostean,pintxo eta edari dastaketa.
Antolatzaileak: Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adinekoen elkarteak.