[Azaroak 1] Adinekoak sukaldean lehian, eta sukaldatutakoarekin pintxo festa gero

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 31a, 10:13

Azaroaren 1ean arratsaldez, 17:00etan plazan ospatuko den giza-proban gosea pizten bazaizue ez zaitezte arduratu. Legatz eta oilasko usaina darion pintxo festa ere antolatu baita hiru talde bizkaitar lehian jarriko dituen desafioa amaitu osterako. Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adinekoen elkarteek Usurbilgo sukaldaritza lehiaketa antolatu dute azaroaren 1erako.

Pintxoak dastatu nahi dituztenentzako txartelak giza proban zehar banatzen ariko dira. Jatekoa, kirol desafioa ospatu artean prestatuko dute, elkarte ezberdinetako jubilatuak izango dira parte hartzaileek. “Ez da berebiziko lehiaketa, baina gustuz antolatu nahi genuke. Bost talde osatu nahi genituzke”, azaldu digu Damaxo Lizaso Gure Pakea Elkarteko lehendakariak.

Antolaketa lanok bideratzen aritu dira egunotan. Talde bakoitza bi sukaldari eta epaile batek osatuko dute. Denak adinekoak. “Herriari mugimendu bat eman nahiko genioke” ekimen honekin, Gure Pakea Elkartetik adierazi dutenez. Eta hiru adinekoen arteko elkarlanean sakondu. Joan den asteburuan Gipuzkoako jubilatu elkarteak Oiartzunen batu zituen ibilaldi eguna ospatzetik itzuli berriak dira hiru bilguneetako kideak. “Gustura gaude. Hala jarraitzea nahi genuke”, Gure Pakea Elkartekoen esanetan.

Lartzandietako oilasko pintxoak
Giza proba ospatu artean, jatekoa prestatuko dute frontoian; legatza saltsadun zizka-mizkak. Lumagorri zigiludun Lartzandietako oilasko erredun pintxoak ere dastatu ahalko dira, edariarekin batera. Eta sari banaketa ekitaldia ospatuko da. Azaroaren leheneko ekimeneko irabazleek 2020. urtean ospatuko den Gipuzkoa mailako lehian parte hartzeko txartela eskuratuko dute.

Azaroak 1, ostirala
11:00
24. Artisautza Azoka frontoian.
Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.
17:00 Giza proba dema plazan Usurbilgo 1.800 kiloko “Ur-Epel” harriarekin. Parte hartzaileak: Txorierri, Lasuen eta Leioa talde bizkaitarrak. Ekitaldirako sarrerak 5 eurotan egunean bertan Suegiko mahaian salgai.
Antolatzailea: Usurbilgo Herri Kirol Taldea.
Babesleak: Usurbilgo Udala, Urbil, Saizar eta Alkartasuna Kooperatiba.
Bitartean,Usurbilgo sukaldari lehiaketako pintxoen prestaketa eta dastaketarako txartelen salmenta giza proban.
Giza probaren ostean,pintxo eta edari dastaketa.
Antolatzaileak: Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate adinekoen elkarteak.