Xua Gurasoekin Etxera

Xua eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna berma dezatela galdegin die udalbatzak autoritateei

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 1a, 11:32

"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak aurkezturiko mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak, ostegun iluntzeko osoko bilkuran.


Albiste honen amaieran duzue, EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k aho batez, osteguneko osoko bilkuran onarturiko mozioa. Usurbilen bezala, Orioko Udaleko udalbatzaren osoko bilkuran ere aurkeztekoak ziren mozioa. Gogoan izan, Xuaren aita, Patxi Uranga oriotarra da, ama Olatz Lasagabaster usurbildarra. Hiruak dira egun, bi herriotatik 600 kilometrotara urrunduak segitzen dute hirurek, Valentziako Picassenteko espetxean, Olatzek eta Patxi espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izan eta Xuarekin batera jada kalean behar zuten arren.

Baina Xuak urtarrilean hiru urte betetzean, gurasoengandik bereiziko dute. Xua Euskal Herrira etorri da, eta gurasoengandik 600 kilometrora urrundua biziko da. Bereizketa hau saihestu eta Xua, Olatz eta Patxi, hiruren etxeratzearen alde lan egiteko sortu zen "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimena, haien Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek. 

Hainbat dinamika jarri zituzten martxan udaz geroztik; tartean, ostegun honetan Usurbilgo eta Orioko udaletan aurkeztu dituzten mozioak. Usurbilgo udalbatzak aipatu moduan aho batez onartu zuen mozioa. "Oso garrantzitsua iruditzen zitzagun adostasuna bermatzea gai honetan, duen sentsiblitateagatik eta gainera hemendik aurrera eman nahi ditugun urratsei begira", adierazi zuen "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimeneko kideetako batek mozioa aurkezterakoan.

Herri ekimenekoen esanetan, udaletan soilik ez Gipuzkoako Batzar Nagusietara helaraztekoak dira eskaerok, Eusko Legebiltzarrera ere joan nahi lukete eta bestelako eragileekin hartuemanetan jarri. Aipatu adostasuna bermatzearren, atzoko plenoan aurkeztekoak ziren jatorrizko mozioa egokitu zuten, udal ordezkarien erabateko adostasuna bermatzearren. "Gure aurreneko mozioa bai iruditzen zitzaigun zehatzagoa eta gatazkaren ondorioen konponketarako gure ustetan eraginkorragoa izan zitekeela, baina adostasuna bilatzearren bigarren mozio hau aurkezten dizuegu eta zuen babesa eskatzen dugu", adierazi zieten "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenetik udal talde politikoei, jatorrizko lehen mozioarekin bat egin zutenei eskerrak helaraztearekin batera.

Atzoko osoko bilkuran onartu zuten mozioaren edukia albiste honen amaieran duzue. Aho bateko babesa adierazi aurretik, hitza hartzeko aukera izan zuten udal taldeek. 

"Espetxe politika berriak garaiko egoera sozialari erantzun behar dio"
PSE-ko ordezkari Patxi Suarezek berak ordezkatzen duen alderdiaren adierazpena plazaratu zuen. Hasteko, ETA desagertu osteko garai politiko eta sozial berriak espetxe politika berria diseinatu eta aplikatzea eskatzen duela adierazi zuen. "Espetxe politika berriak garaiko egoera sozialari erantzun behar dio", zioen. Elkarbizitza eta askatasun baloreekin armonia gehien bilatuz, pertsonen eskubideen alde ahalik eta gehien egingo duen espetxe politika babestu zuen.

Kartzela zigorrak sorterritik gertuen dauden espetxeetan betetzea bideratu behar duela kartzela politika berriak adierazi zuen, "ez soilik irizpide juridikoak betetzeko", baita bere esanetan, lagun eta senideei presoen urruntzeak eragiten dizkieten eta justifikaezinak diren ondorio ezkorrak eta arriskuak saihesteko ere. Gogorarazi zuenez, gehiengo politikoa espetxe zigorrak sorterritik eta presoen ingurune sozialetik urruntzea saihestearen alde agertu zen.

Garai berri honetan, baldintzapeko askatasuna bezalako neurriak bultzatuko dituen espetxe politika berriaz hausnartu eta garatu behar dela uste du PSE-k, beti ere baldintzak betetzen badira eta modu indibidualean. Elkarbizitza politiketan aurrerapausoak ematea ezinbestekoa dela zioen eta horretarako egokitzat jotzen du "indibidualizazio, humanizazio eta egindako minaren aitortza" printzipioen aplikazioa.

"Kalean beharko lukete egoera lazgarri hau eragotziz"
EHBildutik, "Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenaren jarrera txalotu zuen, "adostasunaren alde egin duten saiakeragatik". Xuak, Olatzek eta Patxik egun sufritzen duten sakabaneta salatu zuten, "Usurbildik 600 kilometrotara baitaude Valentzian". Eta aurreikusi zutenez, Xuak urtarrilean 3 urte betetzean, "erremediorik jartzen ez bada, banaketa traumatiko baten aurrean aurkitzear gaude". 

Xuak, Olatzek eta Patxik bizi duten egoera saihestu daitekeela gogorarazi zuen EHBilduk. "Espetxe zigorra ia bere osotasunean betea dute eta hortaz, giza legez eta legez beraien zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenez, kalean beharko lukete egoera lazgarri hau eragotziz". 

Testuinguru honetan koaliziotik gogorarazi zutenez, "Euskal Herrian aipatu dugun moduan, garai politiko berri bat bizi dugu eta gizarteak aldaketa baten aldarria adierazi du. Hortaz, alde guztiei dagokie bide honetan pausoak ematea eta espetxe politikak ere egungo egoerara moldatu beharko luke, gaur plataformak erakutsi duen jarrera eraikitzaile eta malgua adibide hartuta".

"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak aurkeztutako mozioa
Usurbilgo Udalbatzarrak Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren eta batez ere urtarrilean hiru urte egitean gurasoengandik bananduko duten euren alaba Xuaren egoera kontuan hartuta, ondorengo mozioa babesten du: 

Dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz.

Usurbilen, 2019ko urriaren 31