Egun bete ekitaldirekin estreinaturiko azaroa, hasi bezala amaituko dugu

Ekitaldiz jositako hilabetean sartu berri gara. Usurbilgo Udalak kaleratu duen kultur agenda dugu horren lekuko. Hilabete bizi askoa datorkigu.

Lehen hamabostaldian NOAUA!ren Kulturaldiko ekintza sortaz gozatu ahalko duzue. Azaroaren 6tik 17ra izango da zer ikusi eta gozatua bereziki Sutegiko auditorioan; Orbeldi D.T.-ren "Orbel jauzia" emanaldia, Izaki Gardenak taldearen kontzertua, "Agur Etxebeste" filmaren proiekzioa, "Tabernaria" antzezlana, Huntza taldeko abeslari Josune Arakistainekin solasaldia, Maialen Lujanbio eta Igor Elortzarekin bertso bazkaria...

Bertso bazkariaren ostean, azaroaren 9an Mundualdia ospatuko da frontoian; Orbeldiren eta Zirimarakoen dantza saioarekin, munduko jakien dastaketarekin eta Hezurbeltzak taldearen kontzertuarekin. Egun berean egingo da baita Nafartarrak taldeak antolaturiko Tomas Zumalakarregiri buruzko jardunaldia.

Palestinaren aldeko eguna
Ekitaldi klasikoak espero ditugu azaroko bigarren hamabostaldian; 21. Erle Eguna eta Musikalean ekimena. Eta hitzordu berriak baita; Palestinaren aldeko eguna mahai-inguru, bazkari eta musikarekin edota Euskal Herri mailako tritikilarien topaketa kalejira eta bazkari baten bueltan.

Hilabetea hasi bezala amaituko dugu ekitaldiz jositako asteburuarekin; Gazte Eguna, kantu-jira eta abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira, 2020ko Euskaraldia girotzeko ekitaldiak izango ditugu. Adi, azaroaren 6an, Euskaraldiko estreinako edizioaren inguruan Usurbilgo Udalaren enkarguz Soziolinguistika Klusterrak landu duen herri mailako ikerketaren emaitzak aurkeztuko dizkigute: