Asterix eta Obelixen abentura berriekin, haurrentzako euskarazko zine ziklo berriaren estreinaldia igandean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 2a, 12:35

Asteburu euritsu honetarako plan ezinhobea. Bueltan dator Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin negu parterako haurrentzat antolaturiko euskarazko zine zikloa; estreinaldia igande honetan (azaroak 3). “Asterix, edabe magikoaren sekretua” filma proiektatuko dute 17:00etan Sutegin.

Proiekziorako sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai, emanaldia hasi aurreko minutuetan. Aurrerantzean, martxora arte Sutegiko besaulkietan lasai asko eseri eta euskarazko film batez gozatzeko aukera izango da hilean behin.

HAURREI ZUZENDURIKO EUSKARAZKO ZINE ZIKLOA
Eguna: azaroak 3, igandea.
Ordua:
17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Izenburua: “Asterix, edabe magikoaren sekretua”.
Sinopsia: "Zuhaitz batetik bestera mihura bila ari dela, halako batean, Panoramix druida lurrera erori da. Han etzanda hausnartzen hasi da. Orkatila bat bihurritu du, baina askoz okerragoa izan zitekeen! Berak ezin balu, nork prestatuko luke neurrigabeko indarra ematen duen edabe magiko garrantzitsua? Asterixek eta Obelixek lagunduta, Galia osoan zehar bidaiatuko du druida trebe baten bila, hari edabe magikoaren errezetaren sekretua helarazteko asmoz, bere herrixkaren etorkizuna ziurtatzearren".
Iraupena: 85 minutu. 
Ekoizpen urtea:
2019.
Zuzendaria:
Alexandre Astier eta Louis Clichy.
Gidoia: Alexandre Astier.
Sarrerak:
egunean bertan Sutegin 3 eurotan salgai.
Nori zuzendua: LH-ko ikasleei.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza Gazte Elkartea.